Gizartea -
Migrazioa
2.500 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan, Europar Batasuneko kostaldera iristen saiatzen ari zirela
2.000 pertsona baino gehiago erreskatatu dituzte Mediterraneoan, Italiako agintarien arabera, eta ia 500 migratzaile iritsi dira Espainiako kostaldera.
Agentziak | EITB Media
2.500 migratzaile inguru erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneo itsasoko eta Ozeano Atlantikoko uretatik, Europar Batasunera heldu nahian.
2.000 baino gehiago aurkitu dituzte Jonikoan eta Mediterraneoan, Italiako agintariek jakinarazi dutenez. Bi ontzi arriskuan daude oraindik. Italiako kostazainek zehaztu dutenez, 974 pertsona iritsi dira Lampedusa uhartera, tamaina txikiko txalupetan, eta horietako asko adingabeak dira.
Horrez gain, 800 migratzaile zeramatzan arrantza ontzi bat atzeman dute Sirakusatik 120 miliara, eta beste 400 migratzaile Capo Passero uhartetik gertu daude, erreskatatuak izateko zain.
Aurretik, agintariek adierazi dute Lampedusako migratzaileak hartzeko zentroa gainezka dagoela, 1.883 migratzaile dituelako, 400 pertsona hartzeko diseinatu zen arren.
Bestalde, Resqship gobernuz kanpoko erakunde alemaniarraren arabera, igandean bi pertsonaren gorpuak atera zituzten uretatik Maltako kostaldean.
Espainiako kostaldeari dagokionez, 389 etorkin iritsi dira Kanarietara, Andaluziara, Murtziara eta Balearretara asteburuan.
Erreskate handiena, larunbatetik iganderako gauean, Lanzaroten lehorreratu zituzten 145 migratzaileena izan zen. Andaluzian, 166 etorkin erreskatatu dituzte: 93 Motrilen eta 73 Almerian.