Gizartea -
polizia operazioa
Gaizkileen talde bat desegin dute Nafarroako hiru banketxetan lapurreta egitea egotzita
Taldeko bi kide Somon (Kantabria) atzeman zituzten, banketxe batean osten saiatzen ari ziren unean. Arbizun, 2021ean, eta Lakuntzan eta Lekunberrin, 2022an, egindako lapurretak leporatu dizkiete.
EITB Media
Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu eta beste bat ikerketapean du hainbat banketxetan lapurretak egitea eta gaizkile taldea osatzea leporatuta. Bost lapurreta egotzi dizkiete, denak indarkeriaz eta larderiaz egindakoak, eta hiru Nafarroan egindakoak: bata Arbizun, 2021ean, eta beste biak Lakuntzan eta Lekunberrin, 2022an. Guztira, 360.000 euro ebatsi zituztela uste dute ikerlariek.
Institutu Armatuak ohar bidez jakinarazi duenez, atxiloketak otsailean egin zituzten, taldeko bi kide Somoko (Kantabria) banketxe batean osten saiatzen ari ziren unean. Taldeko lau ustezko kideak atxilotu zituzten orduan, eta epaileak espetxera bidali zituen.
"Barrengolp-Mozorroa" izeneko polizia operazioa bi urteko ikerketaren ostean egin du Guardia Zibilak. 2021ean hasi ziren ikertzen, Arbizun eta Puente Viesgon (Kantabria) lapurretak izan ostean.
Ikerketari esker ondorioztatu zutenez, egileak berberak ziren bi kasuetan, eta banketxeetako lapurretetan ziren adituak. Taldeko bi ustezko kide "La Viuda" izeneko beste talde bateko partaide izandakoak ziren. Talde horrek dozenaka lapurreta egin ditu azken hamarkadan Espainiako Estatuan.
Lapurrek arma laburrak erabiltzen zituzten banketxeko beharginak eta bezeroak beldurtzeko, eta, kasuren batean, Lekunberriko lapurretan esaterako, langileen eskuak lotzen zituzten. Atxilo hartutako gizonek ileordeak, buru-berokiak, maskarak, txapelak eta obretako beharginek erabiltzen dituzten arropak eramaten zituzten ez identifikatzeko.
Taldeari lau ibilgailu konfiskatu dizkiote eta hiru etxebizitza miatu dituzte, bi Bizkaian eta beste bat Kantabrian.