Gizartea -

AEB-KO JUSTIZIA

Ibarren abokatuak uste du Gorteak ulertzen duela "akatsak" egon direla, eta epaiketa berria egitea espero du

EHUn eskainitako prentsaurrekoan, Joe Nascimento "itxaropentsu" agertu da otsailaren 28ko ahozko ikustaldiaren ostean. Ibarri ezarritako biziarteko kartzela zigorra atzera botatzeko eskatu zuen bertan abokatuak.

Joe Nascimento eta Andres Krakenberger, Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Joe Nascimento eta Andres Krakenberger, Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Joe Nascimento eta Andres Krakenberger, Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Nascimento Pablo Ibarren abokatua da. Biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten Pablo Ibarri 2019an, berak beti ukatu duen krimen hirukoitz batengatik. Floridako (AEB) Laugarren Barrutiko Apelazio Auzitegiaren erabaki posiblearen aurrean, "itxaropentsu" agertu da abokatua, balitekeelako beste epaiketa bat egitea, Gorteak prozeduran izan diren "akatsak" ulertu dituela uste baitu. Nolanahi ere, ahozko beste ikustaldi bat zehaztu ezean, "ez gara geldituko" eta "helegitea aurkeztuko dugu Auzitegi Gorenean", ohartarazi du.

Joan den otsailaren 28an egindako ikustaldian, Ibarren defentsak eskatu zuen 1994ko ekainaren 26an Floridan egindako hilketa hirukoitzagatik ezarri zioten biziarteko kartzela zigorra baliogabetzeko, eta beste epaiketa bat egiteko, "errugabea" dela frogatzeko.

Nascimento Euskal Herrian bisitan da egunotan, eta astelehen honetan prentsaurrekoa eta hitzaldia eskaini ditu EHUko Zuzenbide Fakultatean, Andres Krakenberger Pablo Ibar-Juicio Justo elkarteko bozeramailearekin batera.

Pablo Ibarren abokatua "nahiko adoretuta" agertu da otsailaren 28an Floridako Laugarren Barrutiko apelazio auzitegian egindako ahozko ikustaldiaren ostean; izan ere, "galderek eta epaileen tonuak pentsarazten dute ulertzen dutela Ibarren aurkako epaiketaren errepikapenean akatsak eta bidegabekeriak izan zirela".

Nascimentok adierazi duenez, kasu honen inguruan "zerbait gertatuko den une batera hurbiltzen ari gara". Aldi berean, "Floridako giro politikoak nabarmen egin du okerrera", eta, adibide gisa, aurreko astean "Estatu Batuetan heriotzara kondenatzea eta exekutatzea errazten duten legeak onartu" zirela aipatu du.

Testuinguru horretan gogorarazi duenez, gaur egun AEBko 29 estatutan aplikatzen da heriotza zigorra, eta horietako bitan, Alabaman eta Floridan, ez da ahobatezko epairik eskatzen. Hala, Floridan nahikoa dira 12 epaimahaikideen zortzi boto heriotza zigorra ezartzeko, gaineratu du. Hala ere, beste epaiketa bat egongo balitz, "ez litzateke legedi berri hori atzeraeraginezko izaerarekin aplikatu beharko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Euskal herriak Gipuzkoa Ameriketako Estatu Batuak albisteak EHU berriak EAE Delituak azken ordukoa Pablo Ibar auzia Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak