Gizartea -
Astronomia
Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena aurkitu dute
Eratu zen lehenetariko galaxia bat aurkitu du EHUren lankidetza duen ikerketa talde batek. Ondorioz, litekeena da argitasun gutxiko galaxia nanoak ohikoak izatea unibertso goiztiarrean sortutako lehen galaxietan.
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) lankidetza duen nazioarteko ikerketa talde batek ondorioztatu du hasierako unibertsoan sortu ziren galaxiak oso txikiak zirela. Horrek adierazten du bilakaera prozesu hierarkiko bat gertatu zela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta galaxia handiak sortu baitziren, hala nola Esne Bidea. James Webb Space teleskopioaren bereizmen handia eta grabitazio lente ahaltsu bat erabili dituzte horretarako. Urruneko unibertsoko zenbait galaxiaren espektroak aztertuz, taldeak orobat baieztatu du inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dutela.
Tom Broadhurst EHUko Ikerbasque Research-eko irakaslea eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) irakasle elkartua da. Science aldizkariak argitaratutako ikerketan parte hartu du, eta, azaldu duenez, "galaxia txiki eta argitasun oso gutxiko hori eratu zen lehenetariko bat izan zen, Big Banga gertatu eta 500 milioi urte soilik igaro ondoren, unibertsoaren bolumena gaur baino milaka aldiz txikiagoa zenean".
Ustekabeko aurkikuntza
Galaxia horren tamaina neurtuta jakin ahal izan da oso argitasun gutxiko galaxia nano bat dagoela 13.200 milioi argi urtera. "Neurketa horiek James Webb teleskopioaren bereizmen handiari esker egin dira, lehen planoan dagoen eta lente erraldoi gisa jokatzen duen galaxia multzo masibo horren handipen gaitasunarekin konbinatuta", azaldu du irakasleak.
Ikerlariaren hitzetan, "galaxia hori ez zen gure lehenengo helburua, baina, zorionez James Webb teleskopioarekin lortutako irudietan agertu zenez, espektroskopia osagarriaren helburuen zerrendan sartzea erabaki genuen".
Ustekabeko aurkikuntza horren ondorioz, taldeak ondorio hau atera du: "Oso litekeena da argitasun gutxiko galaxia nano mota hori ohikoa izatea unibertso goiztiarrean sortutako lehen galaxietan, grabitazio lentea erabiltzen ez duten beste talde batzuek baieztatutako galaxia distiratsuak izan ordez".