Gizartea -

DONOSTIA

Auzo eta merkatari elkarteek auzitara joko dute San Bartolomeko proiektua "geldiarazteko"

"Erabat legez kanpokotzat" jo dute proiektua eta Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean jarritako helegitean merkataritza-gune horrek hirian eragingo lituzkeen kalteez ohartaraziko dute.

Proiektu berria. Irudia: EITB
Proiektu berria. Irudia: EITB
Proiektu berria. Irudia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dendartean, Erdian Bizi eta Amara Bai auzo-elkarteek eta Donostia Defendatuz koordinakundeak erabaki dute San Bartolomeko Plan Bereziaren aurkako helegitea aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Urtarrilean Udalaren osoko bilkuran onartu zen proiektua "erabat legez kanpokoa" dela uste dute.

Hala azaldu dute gaur goizean komunikabideen aurrean egindako prentsaurrekoan. San Bartolomeko merkataritza-gunearen aurkako lege-estrategiaren xehetasun gehiago emateko agerraldia egin dute elkarteek, eta bederatzi solairuko merkataritza-gune hori gauzatzeak izango lituzkeen "kalte negatiboez" ohartarazi dute.

Horietako bost sestra azpian daude, eta supermerkatu bat, hainbat lokal eta 200 plaza baino gehiagoko aparkaleku bat aurreikusi dituzte planean.

Argudioen artean, obren fasean herritarrei egindako kalteak edo proiektuak saltoki txikiei eragingo lizkiekeenak aipatu dituzte, edota trafikoaren areagotzea eta kutsadura.

Dendartean elkarteko Amador Biterik esan duenez ,"itxaropen handia" dute eta iragarri du dagoeneko "errekurtso-abisua" aurkeztu dutela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian; izan ere, Udalak proiektuari argi berdea emateko onartutako plan berezia "erabat legez kanpokoa" dela iritzi diote.

Astearte honetan, errekurtsoaren berri izan eta gero, Eneko Goia Donostiako alkateak helegitea errespetatuko duela adierazi du, baina esan du Udalak auzitegietan bere burua defendatuko duela,  eta gaineratu du San Bartolomeren hegala "ezin dela horrela geratu" eta "osatu" egin behar dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia