Gizartea -

Atxiloketak

Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu, Reala-Erroma partidaren egunean Donostian izandako istiluengatik

Martxoaren 16an izan ziren istilu horiek, arratsaldean. Erroma taldeko zale batzuk zeramatzan autobus bat Anoeta futbol zelaiaren aurrean gelditu zen, eta hainbat zale jaitsi ziren; zenbait lagunek horien eta autobusaren aurka jo zuten, taberna bateko aulkiak eta bestelako objektu sendoak baliatuz.

Istiluak martxoaren 16an jazo ziren, Donostian. Argazkia: EFE/Ertzaintza.
Istiluak martxoaren 16an jazo ziren, Donostian. Argazkia: EFE/Ertzaintza.
Istiluak martxoaren 16an jazo ziren, Donostian. Argazkia: EFE/Ertzaintza.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 27 eta 41 urte bitarteko bost gizon atxilotu ditu Donostian, Arrasaten, Lezon eta Durangon, martxoaren 16an Donostian izandako istiluekin zerikusia dutelakoan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak asteazkenean jakitera eman duenez. Hain zuzen ere, istiluak Donostiako Reale Arena futbol zelaian jokatutako Reala-Erroma Europa Ligako partidaren atarian jazo ziren, norgehiagoka hasi aurretik.

Erroma taldeko zale batzuk zeramatzan autobus bat Anoeta futbol zelaiaren aurrean gelditu zen, eta hainbat zale jaitsi zirenean, zenbait lagunek horien eta autobusaren aurka jo zuten, taberna bateko aulkiak eta bestelako objektu sendoak baliatuz.

Erroma taldeko jokalariak zeramatzan autobusa zelaitik gertu dagoen plaza batera iritsi zenean ere, istiluak izan ziren, Realeko zale batzuek Ertzaintzaren aurka egin baitzuten. Pertsona batzuek objektuak eta bengalak jaurti zituzten Italiako taldearen zaleen autobusaren aurka eta segurtasuna bermatzeko lanean ari ziren ertzainen kontra.

Gainera, Ertzaintza babesten ari zen autobusen konboiari galtzada-harriak, harriak eta estolda bateko tapa bota zizkioten. Horren aurrean, ertzainek esku hartu behar izan zuten.

Istiluen ostean, 19 eta 31 urte bitarteko hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, egun horretan bertan, desordena publikoen delitua eta aginteko agenteen aurkako delitua egotzita. Ikerketak, baina, aurrera jarraitu zuen, eta orain beste bost pertsona atxilotu dituzte. Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, izapideekin jarraitzeko, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte.

Operazioa zabalik dago, istiluetan nahasitako pertsona gehiagoren bila ari baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Kirolak Reala Donostia Ertzaintza Albisteak Gipuzkoa Reale Arena-Anoeta berriak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa