Gizartea -
Europa Jauregia
Haurren aurkako tratu txarren kontrako 100 bat aditu bildu dira Gasteizen, eta prebentzioan jarri dute arreta
Asteartean, hilak 25, Haurren aurkako Tratu Txarren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jardunaldia inauguratu du.
EITB Media
Asteartean, hilak 25, Haurren aurkako Tratu Txarren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "Zentzu guztiak haur eta nerabeen indarkeriaren aurka: eskubideen sustapena eta prebentzioa" jardunaldia inauguratu du gaur goizean, eta haur eta nerabeenganako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa berretsi du. Gasteizko Europa Jauregian 100 aditu inguru bildu dira jardunaldian.
Euskal Estrategia lau ardatz estrategiko nagusitan egituratzen da, eta jardunaldia sustapenean eta prebentzioan oinarritu da. Ardatz horren helburua haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzea da, giza eskubideen urraketa horren prebalentzia murrizteko, tratu onaren kultura, espazio seguruak eta eskubideak eraginkortasunez erabiltzea sustatuz.
Melgosak "Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako euskal estrategia (2022-2025)" nabarmendu du. Duela urtebete onartu zen, eta "atxikimendu garrantzitsuak" izan ditu orain arte. Izan ere, zehaztu duenaren arabera, Hezkuntza Saila, Osasun Saila, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, hiru foru aldundiak, EAEko hiru hiriburuetako udalak eta Sareen Sareak, besteak beste, estrategiarekin bat egin dute jada; dokumentu horrek "aurrerapauso berriak eta indartsuak" dakartza.
Bestalde, sailburuak Barnahus aipatu du hitzaldian, adingabeei sexu-indarkeriako kasuak artatzeko arreta integraleko zentroa, Gasteizen modu pilotuan garatuko dena. Adierazi duenez, une honetan ahaleginak egiten ari dira "edukiari lehentasuna emateko, kontinenteari baino".