Gizartea -
Istripua Nafarroan
Gizon bat larri zauritu da Miranda Argan, bere autoa errepidetik aterata
Larrialdi zerbitzuek Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute 46 urteko zauritua. Ibilgailua bidetik atera da, eta hormigoizko egitura batekin talka egin du.
Agentziak | EITB Media
46 urteko gizonezko bat larri zauritu da gaur Miranda Argan (Erriberri, Nafarroa), zihoan autoa NA-6100 errepidetik (Artederreta-Martzilla II) atera ostean.
SOS Nafarroa 112 zerbitzuko Larrialdiak Kudeatzeko Gelak 17:59an jaso du ezbeharraren abisua, eta Tafallako suhiltzaileak, oinarrizko bizi-euskarria duen anbulantzia bat, bizi-euskarri aurreratua (medikalizatua) duen anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu dira.
Larrialdi zerbitzuek Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute ibilgailuko gidaria, 46 urteko gizon bat. Politraumatismoak zituen, eta larri zegoen.
Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, ibilgailua errepidetik atera da, eta hormigoizko egitura batekin talka egin du. Foruzaingoa istripuaren arrazoiak ikertzen ari da.