Gizartea -

Lan-ezbeharra

Hildako bat eta 11 zauritu, Zumaian gertatutako lan-istripu batean

Behargina hartzidura aska batera erori da Okin enpresan. Biktima salbatzen saiatu diren 11 langile artatu behar izan dituzte gasa arnasteagatik.

Zumaiako Oki enpresaren lantegia. Argazkia: EITB
Zumaiako Oki enpresaren lantegia.
Langile bat hil da Zumaian, lan-istripuan

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 urteko langile bat hil da elikadura enpresa bateko hartzidura askara erorita, Zumaian (Gipuzkoa), Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Gainera, biktimari laguntzen saiatu diren 11 langile arin zauritu dira metano gasa arnasteagatik.

Aipatu iturriek azaldu dutenez, lan-ezbeharra 02:55 aldera gertatu da, Okin enpresan, Jose Mari Korta industrigunean.

Hildakoa Zumaiako bizilaguna zen. Urtebete ere ez zeraman enpresan lanean eta 05:00etan eraman dute gorpua Donostiako auzitegi-medikuarenera.

Enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du.

11 zauritu

Zaurituetako bost ospitaleetara eraman behar izan dituzte: bi Mendaroko Ospitalera eta hiru Donostiakora. Arratsaldean, hiruk alta jaso dute.

Arnasteko arazoak zituzten beste lau langile enpresaren atarian bertan artatu dituzte, anbulantzietan. Gainera, osasun-zerbitzuetako langile bat ere artatu behar izan dute gasa arnasteagatik.

Hipotesiak

Oraindik ez dakite zerk eragin duen ezbeharra, baina lehenengo hipotesien arabera, langilea askaren gainean zegoen, eta kea arnasteagatik zorabiatu eta erori da.

Osalanen esanetan, hildakoaren lankideek ez zuten biktima aurkitzen, eta segurtasun kameretara jo behar izan dute non zegoen eta zer gertatu den jakiteko.

27 hildako

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die hildakoaren senide, lagun eta lankideei. Era berean, 2012an Euskal Herrian "gutxienez" 27 langile hil direla salatu du. Hori horrela, mobilizatzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea