Gizartea -
Haur-pornografia
Ehunka atxilotu, pedofiliaren aurka 141 estatutan egindako operazioan
Austrian 272 lagun atxilotu dituzte. "Carole" izeneko operazioa duela urtebete baino gehiago hasi zen eta irekita jarraitzen du.
Erredakzioa
Polizia pedofiliaren kontrako operazioa egiten ari da mundu osoko 141 estatutan eta Austrian dagoeneko 272 lagun atxilotu ditu Interneten haur-pornografia trukatzeagatik, hango poliziak jakitera eman duenez.
"Carole" izeneko operazioa duela urtebete baino gehiago hasi zen eta irekita jarraitzen du. Austriari dagokionez, inoiz izan den pedofiliaren kontrako operazio handiena da eta bertan hasi zen ikerketa, adingabeen pornografia trukatzeko foro batzuk aurkitu zituztenean.
Oraindik zehaztu gabe dagoen susmagarri kopuru bat ari dira ikertzen mundu osoko 141 estatutan. Austriako Barne Ministerioaren egoitzan egingo duten agerraldi batean emango dituzte xehetasun gehiago.
Oraingoz, 272 austriar atxilotu dituztela jakinarazi dute. Haur-pornografia trukatzea eta zabaltzea leporatzen diete.