Gizartea -
Lan-ezbeharra
Langile bat larri zauritu da tailerrean izandako sutean, Cortesen
48 urteko gizona Zaragozako Miguel Servet Ospitaleko erreduren gelan sartu dute. Beste langile bat ere artatu behar izan dute, kea arnasteagatik.
Erredakzioa
Langile batek hankak erre ditu eta larri dago motorren eta bizikleten tailer batean izandako sute baten ondorioz, Cortesen (Nafarroa). Horrez gain, osasun-zerbitzuek beste langile bat artatu behar izan dute kea arnasteagatik.
Larri zauritu den langilea, 48 urtekoa, Zaragozako Miguel Servet Ospitaleko erreduren gelan sartu dute, Tuterako Sofia Erregina Ospitalean hala erabakita.
Beste zauritua kea arnasteagatik artatu behar izan dute, baina ez dute ospitalera eraman beharrik izan.
Sutea atzoko 22:00etan piztu zen, Lavadero kaleko 60.ean, bi solairuko eraikin baten etxabean.
Tuterako eta Peraltako suhiltzaileek sua ez zabaltzea eta garrak 300 litroko gasolio edukiontzi batera ez iristea lortu dute. 23:00etarako sua itzalita zegoen.