Gizartea -

HERRITARREN ZAHARTZEA

Gero eta helduagoak dira Hegoaldeko biztanleak, 43 eta 46 urte arteko batazbestekoarekin

2000tik, lau urte igo da herritarren batezbestekoa adina EAEn, 42tik 46ra, eta bi urte Nafarroan, 41etik 43ra.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datu eta estatistikei erreparatuta, gero eta jendarte helduagoa osatzen dugu. 2000 hasieran Espainiako Estatuko herritarren batezbesteko adina 40 urte ingurukoa zen eta ez zegoen erkidegorik 44 urteko langa gainditzen zuenik. 20 urte beranduago, ordea, herritarren batezbesteko adina 45 urtera hurbiltzen da eta erkidego batzuk 50etik gertu dira.

44 urte eta hilabete batekoa zen batezbesteko adin ofiziala 2022an Espainian, INE Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, baina hainbat erkidego, Euskadi tartean, hortik gora daude. Zehazki, 46 urtetik gora dago batezbesteko adina Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroa, berriz, batezbestekotik behera dago, 43 urte pasatxorekin.

Hau da batezbesteko adina erkidego autonomo bakoitzean, zaharrenetik gazteenera:

Asturias: 49 urte eta bi hilabete.

Gaztela eta Leon: 48 urte eta hiru hilabete.

Galizia: 48 urte baino zertxobait gehiago.

Kantabria eta EAE: 46 urte baino gehiago.

Aragoi eta Extremadura: 45 urte baino gehiago.

Errioxa eta Valentziar Erkidegoa : 44 urte baino zertxobait gehiago.

Nafarroa, Gaztela-Mantxa, Kanariak, Katalunia eta Madril: 43 urte baino gehiago.

Andaluzia: 42 urte eta bederatzi hilabete.

Baleareak: 42 urte.

Murtzia: 41 urte eta bi hilabete.

Ceuta: 38 urte eta hiru hilabete.

Melilla: 36 urte eta erdi.

Bizitza-itxaropen luzeagoa dutenez, emakumeen batezbesteko adina altuagoa da erkidego guztietan.

Imagen de archivo

Europako batezbesteko adina ere 44 urtekoa da egun

Europan ere herritarren batezbesteko adina 44 urtekoa da gaur egun. Italia (47 urte), Alemania eta Portugal (46 urte) eta Bulgaria eta Grezia (45) daude buruan eta beste muturrean, Zipre eta Irlanda (38 urte).

INEren datuen arabera, 38 urtekoa zen batezbesteko adina Europan, 2001ean, 41 urtekoa 2010ean eta 44 urtekoa 2020an. Horrek esan nahi du EBren batez besteko adinak 6 urte egin duela gora epe horretan.

Gauza bera gertatu da Espainiako Estatuan ere, baina igoera txikiagoa izan da: 4 urte eta bi hilabete igo da adin tartea 20 urtean, batez beste. EAEn, 4 urte eta 10 hilabete egin du gora 2000tik 2022ra, eta Nafarroan 2 urte eta 7 hilabete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak