Gizartea -
ERAILKETA
12 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Bilbon pisukidea hiltzeagatik epaitutako gizonari
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsaren abokatuak iragarri dute ez dutela ebazpen judizialaren aurkako helegiterik aurkeztuko.
EITB MEDIA
Herri-epaimahaiak hilketagatik erruduntzat jo du 2022ko urriaren 22an Bilboko pisukidea hiltzeagatik epaitutako gizona, eta hori aintzat hartuta, kasuko epaileak 12 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio. Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsaren abokatuak dagoeneko iragarri dute ez dutela ebazpen judizialaren aurkako helegiterik aurkeztuko.
Epaiketaren lehen saioan, akusatuak onartu egin zuen biktimari hainbat sastakada eman zizkiola heriotza eragiteko. Jarraian, etxebizitzatik ihes egin zuen pisukidea bertan utzita. Hiru egun geroago hil zen biktima, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean.
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsaren abokatuak 12 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuten, homizidioa leporatuta, eta hiru aldeek zigor eskaerei eutsi diete, eta dagoeneko iragarri dute ez dutela ebazpen judizialaren aurkako helegiterik aurkeztuko.
Dirudienez, akusatuak 9 urte eta 6 hilabete eman zituen espetxean, aurretik egindako beste hilketa batengatik.