Gizartea -
Gertaera
61 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakumezko adineko bati indarrez lapurreta eta iruzurra egiteagatik
Indautxuko hainbat dendetan ordaintzeko biktimaren kreditu txartela erabilia izan zela jakin ahal izan zuen Ertzaintzak. Emakumezko adinekoei "oso lapurreta biolentoak" egiteagatik aurrekari penal ugari ditu atxilotuak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
61 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, emakumezko adineko bati indarrez lapurreta eta iruzur egitea leporatuta. Atxiloketa ostiral honetan izan da, joan den apirilaren 14an Ertzaintzak abiatutako ikerketaren ostean. Egun horretan emakumezko adineko bati indarrezko lapurreta egin zioten haren etxebizitzako atarian, Indautxun.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez adierazi duenez, ustezko lapurrak emakumeari indarrezko lapurreta egin zion, eta bere gauza pertsonalak ostu. Erorikoaren ondorioz, adinekoa zauritu zen eta medikuek artatu behar izan zuten.
Lapurreta eta gero, inguruko hainbat dendetan ordaintzeko biktimaren kreditu txartela erabilia izan zela jakin ahal izan zuen Ertzaintzak. Ustezko lapurra identifikatu zuten orduan: emakumezko adinekoei "oso lapurreta biolentoak" egiteagatik aurrekari penal ugari zituen 61 urteko gizonezko bat, alegia.
Gizona atxilotu egin dute eta ertzain-etxera eraman, dagozkion izapideak egin ahal izateko, indarkeriaz egindako lapurreta eta iruzurra leporatuta.