Gizartea -
Ondarroan
Atxilotuta lapurtutako motor batekin oinezko bat kolpatzeagatik
Gizonak, gainera, baimendutako alkohol tasa gainditu zuen eta gidatzeko baimena kenduta zeukan.
Erredakzioa
Ertzaintzak Ondarroako 36 urteko gizon bat atxilotu du lapurtutako motor batekin oinezko bat kolpatzea leporatuta. Gertakari horri atxilotuak baimendutako alkohol tasa gainditzen zuela gehitu behar zaiola azaldu du Jaurlaritzako Barne Sailak.
Gizonak, gainera, gidatzeko baimena kenduta zeukan agindu judizial baten ondorioz.
Istripua arratsaldeko lau eta erdiak aldera gertatu zen bizkaiko herri horretako Itsas Aurre kalean. Motorra bazterbidera igo eta bertan zegoen gazte bat kolpatu eta harresi txiki baten gainetik jaurti zuen. Hori dela eta, gaztea 2,5 metroko altuera batetik jausi zen.
Biak ospitalera
Bai motor gidaria bai biktima Mendaroko ospitalera eraman zituzten zauri arinekin.
Iturri berberen arabera, motorra Donostian lapurtu zuten iaz.