Gizartea -
Lan gatazka
Ertzaintzaren sindikatuek batasun sindikala berreskuratu dute, ertzainen manifestazioaren ondoren
Negoziazio mahaian ordezkatuta dauden sindikatuek (Erne, Esan, Euspel eta Sipe) horrela erantzun dute, 2.000 agentek Ertzainak Indarbidez kolektiboak deituta, "akordio erregulatzaile duin baten alde" manifestazioa egin eta bi egunera.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzaren sindikatu nagusiek erabaki dute batasun sindikalari berriro ekitea, Bilbon 2.000 ertzainek, hitzarmen berri bat eskatzeko, sindikatuez aparte egindako manifestazioaren ostean.
Erne, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek (lan-baldintzak negoziatzeko mahaian ordezkatutakoak) erabaki dute "ezinbestekoa" izango dela lauron sinadurak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin akordio bat adosteko. ELA (Ertzaintzaren ordezkaritzaren % 5 du) ez dago negoziazio mahai horretan ordezkatuta.
Lau sindikatuen helburua "Ertzaintzaren lan-baldintzak hobetzea" da. Horretarako, maiatzaren 17ko "125. negoziazio mahaia" bertan behera uzteko eskatu dute, "edukirik ez duelako", eta "benetako edukia duen negoziazioari" ekiteko eskatu diote Sailari, "ertzainen beharrei erantzuteko".
Ertzainak Indarbidez kolektibo asindikalak deituta, Bilbon kalera irten ziren agenteek pankarta bat eraman zuten, lelo honekin: Akordio erregulatzaile duinik gabe ez dago Tourrik. 12 urte hitzarmenik gabe. Ertzainak gatazkan!