Gizartea -

Atxilotua

Autoarekin ertzain bat jo eta alkohol tasa hirukoiztu duen gidari bat atxilotu dute Irunen

25 urteko gizasemeak 0,78ko emaitza eman zuen alkoholemia proban, eta agintaritzako agenteen aurkako atentatua eta alkoholemia delituak egozten dizkiote.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Irunen, Ertzaintzak hala agindu arren, autoa ez gelditzeagatik eta ertzain bat jotzeagatik. Atxilotuak hirukoiztu egin du baimendutako alkohol tasa

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, larunbat goizean, 07:00etan, Irungo Arizmendi etorbidetik zihoan Ertzaintzaren patruila batek auto bat ikusi zuen martxan, gurpil bat zulatuta eta aurreko kolpe-leungailuan kolpe handia zituela. 

Gidariari argi- eta soinu-seinaleak egin zizkioten autoa geldiarazteko, baina ez zien jaramonik egin. Gainera, bidean zihoala, aparkatuta zegoen auto bat jo zuen, eta, handik pixka batera, garaje batean sartu zen, ertzainak atzetik zituela.

Aparkalekuan, gelditzeko aginduei jaramonik egin gabe jarraitu zuen, eta autoarekin maniobrak egin zituen agenteak parkinera sartzea eragozteko. 

Horretan ari zirenean, kopilotuaren atetik sartzen saiatu zen ertzain bat jo eta hormaren kontra bota zuen. Azkenean, ertzainetako batek autoan sartzea eta kontaktu-giltza kentzea lortu zuen.

Azkenean, atxilotu egin zuten, aurre egin bazien ere. Autoarekin jo zuen agentea ospitalera eraman behar izan zuten.  

Gero jakin zenez, ertzainekin topo egin aurretik, gidariak istripua izan zuen beste auto batekin Alberto Larzabal kalean.

Polizia-egoitzan egin zioten alkoholemia-proban 0,78 eta 0,73 miligramoko alkohol-tasak eman zituen botatako aire litroko (baimendutako tasa 0,25 miligramokoa da).

Atxilotua, 25 urteko gizonezkoa, larunbatean bertan jarri zuten agintari judizialaren eskuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak