Gizartea -
Herritartasuna
Lau pertsonatik batek bakardadea sentitzen du Euskadin
'Bizitza, lana eta COVID-19a' inkestaren arabera, koronabirusaren pandemiaz geroztik areagotu egin da bakardade sentimendua. Datu horien aurrean, Eusko Jaurlaritzak bost neurri proposatu ditu, nahi ez den bakardadearen aurkako estrategia sortzeko helburuarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Bizitza, lana eta COVID-19a" izenburupean Eusko Jaurlaritzak egin duen inkestaren arabera, lau pertsonatik batek bakardadea sentitzen du Euskadin. Horri aurre egiteko, Gasteizko gobernuak bost neurri proposatu ditu, nahi ez den bakardadearen aurkako estrategia bat sortzeko asmoz. Helburua bakardadea goiz detektatzea da, bakardadea aurreikusteko eta horri heldu ahal izateko.
Inkestaren emaitzak
Inkestatutako 3.000 pertsonen artean, lautik bat bakarrik bizi da. Bakarrik bizi direnak, baina, are gehiago dira emakumeen eta 80 urtetik gorakoen artean. Gainera, inkesta horri erantzun diotenen % 10ek ez dute hilean inolako seniderekin kontakturik izaten, ezta bere lagun-taldeko beste pertsona batzuekin ere.
Horrenbestez, guztira 210ek adierazi dute bakardadea sentitzen dutela; inkestatutako pertsonen % 7k. Horien artean, 80 urteko edo hortik goragoko pertsonak eta eguneroko jardueretan mendekotasuna duten pertsonak nabarmentzen dira.
Azkenik, bakardade subjektiboa sentitzen duten pertsonen kopuruak gora egin du, 741 pertsonak, ikestatuen % 24,7k, hala sentitzen direla esan baitute.
Aurreikusitako neurriak
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, bakardadeak gora egin du COVID-19aren pandemiaz geroztik. Datu horien aurrean, Eusko Jaurlaritzak bost neurri bultzatzea proposatu du Euskadin bakardadeari aurre egiteko:
- Esperientzien eta ekimenen sare bat sortzea
- Gaiaren ikuspegi integrala hartzea
- Bakardadearen prebentzio eta detekzio goiztiarrean eragitea
- Lotura komunitarioen modu berriak indartu eta eraikitzea
- Ikerketa sustatzea eta ezagutza partekatzea