Gizartea -
Delituak
Zortzi atxilotu Bizkaian, bi milioi eta erdi eurotik gorako balioa duten arropak faltsutzeagatik
Guardia Zibilak desegindako taldeak tailer klandestino bat zuen Sestaon. Bertan, faltsifikazioak egiteko marka komertzialen logoak eta 100.000tik gora etiketa topatu dira, bai eta faltsututako 31.800 ehun-artikulu ere.
Agentziak | EITB Media
Zortzi pertsona atxilotu dituzte Bizkaian bi milioi eta erdi eurotik gorako balioa duten arropak faltsutzeagatik. Guardia Zibilak desegindako taldeak tailer klandestino bat zuen Sestaon. Bertan faltsifikazioak egiteko 100.000 etiketa eta marka komertzialen logoak eta faltsututako 31.800 artikulu topatu dituzte; horien artean, futboleko 4.300 ekipazio, 180 erloju eta 1.300 poltsa baino gehiago.
Institutu armatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ikerketa 2022ko azaroan hasi zen, Bizkaiko mugetako patruila fiskaletako kideek faltsututako jantzi eta osagarri asko legez kanpo saltzen ari zirela antzeman zutenean Bizkaiko hainbat herritako azoka txikietan.
Zehazki, Sestaoko bi etxebizitza biltegi gisa erabiltzen zirela jakin zuten eta saltzaile ibiltariek bertan gordetzen zituztela legez kanpoko salgaiak, ondoren salgai jartzeko. Agenteak ohartu ziren ondo egituratutako erakundea zela eta kideek egitura horretan rol jakinak zituztela. Batzuek legez kanpoko salgaiak zaintzen eta biltegiratzen zituzten eta beste batzuek faltsifikazioak merkaturatzen zituzten.
Froga horien aurrean, eta Barakaldoko Epaitegi baten baimenarekin, Guardia Zibilak Sestaoko eraikin batean kokatutako bi etxebizitza eta lokal miatu zituen, eta bertan biltegiratutako eta saltzeko prestatutako jantzi ugari aurkitu zituen. Gainera, tailer klandestino bat aurkitu zuten trasteleku bat miatu zutenean. Jantziak eta osagarriak josteko, trokelatzeko eta serigrafiatzeko makineria ere topatu zen, bai eta faltsifikazioak erreproduzitzeko beharrezko elementu informatikoak ere.