Gizartea -
Gertakaria
Sofa bat bota du hirugarren solairutik, 64 urteko oinezko bat larri zaurituz Eibarren
Gertakaria 09:00etan jazo da, Ipurua auzoko kale batean. Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu du lesio delitu bat egotzita.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu du gaur Eibarren (Gipuzkoa), lesio delitu bat egotzita. Antza denez, atxilotuak sofa moduko bat bota du etxe bateko leihotik, eta tamaina handiko altzariak une horretan kalean zegoen pertsona bat jo du.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakaria 09:00etan jazo da, Ipurua auzoko kale batean. SOS Deiak 112 larrialdietarako telefonora egindako dei baten arabera, pertsona bat kalean konorterik gabe zegoen, antza, sofa bat gainera erori zaiolako.
Bertaratutako ertzainek baieztatu dutenez, zauritutako pertsona bat zegoen, eta lekukoek anbulantzia bat eskatu dute. Zauritua ustez kolpatu duen objektua, besaulki bat, inguruko zabor-gune batera eraman du norbaitek.
Bitartean, osasun-langileek zauritua artatu dute, 64 urteko gizon bat, eta Donostia Ospitalera eraman dute, larri.
Gerora egindako ikerketei esker jakin ahal izan da gizon batek eraikin bateko hirugarren solairutik jaurti duela besaulkia, eta Ertzaintzak identifikatu egin du ustez ekintza horretan inplikatutako pertsona.