Gizartea -

HEZKUNTZA

Jaurlaritzak 2.246 milioi euro bideratuko ditu Unibertsitate Sistema 2026ra arte antolatzeko, % 14,5 gehiago

Astearteko Gobernu Kontseiluak 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du, helburuak zehazteko eta unibertsitate politika koordinatzeko. Aipaturiko dokumentuari etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaio ondorengo lau urteetan, 168 adierazleren bidez.

EHUren Leioako campusa. Artxiboko argazkia: Irekia (Mikel Arrazola)
EHUren Leioako campusa. Artxiboko argazkia: Irekia (Mikel Arrazola)
EHUren Leioako campusa. Artxiboko argazkia: Irekia (Mikel Arrazola)

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko Gobernu Kontseiluak euskal unibertsitate sistema 2026ra arte antolatzeko plana onartu du. 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak 2.246,2 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du, aurrekoak baino % 14,5 gehiago. Eusko Jaurlaritzaren arabera, orain arte unibertsitate eremuak izan duen finantzaketarik handiena izango da. 

1.642,4 milioi euro Jaurlaritzak jarriko ditu, eta 603,8 milioi, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez iritsiko dira.

Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana euskal unibertsitate sistemaren helburuak zehazteko eta unibertsitate politika koordinatzeko tresna bat da.

Plan berriak hiru ardatz nagusi ditu: unibertsitatea eta enpresa, bikaintasunezko zientzia, eta Unibertsitatea+Euskadi Basque Country. Horiekin batera, Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa eta Unibertsitate Komunitate Inklusiboa eta Berdintasunezkoa ardatzek osatzen dute plan berriaren egitura nagusia. Era berean, zeharkako bi ardatz ere jasotzen ditu: Digitalizazioa eta Gizarte-eragina.

Halaber, hainbat helburu zehazten ditu, besteak beste, lanbide bizitza osoan prestakuntza jasotzen ari diren ikasleen kopurua bikoiztea, gradu eta master titulazio dualen eskaintza % 50 igotzea, nazioarteko esperientziak eskaintzen dituzten gradu eta master titulazioak % 50 handitzea, ikasketa zientifiko-teknikoak aukeratzen dituzten emakumeen portzentajea % 52koa izatea eta irakasle ikertzaileak ere % 52 izatea, eta Euskal Unibertsitate Sisteman matrikulatutako nazioarteko ikasleen zenbatekoa % 15 haztea.

Onartutako dokumentuari etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaio hurrengo lau urteetan, 168 adierazleren bidez.

Hiru unibertsitatek elkarlanean 2030 Agendari lotutako graduondokoa jarriko dute abian

Gobernu Kontseiluak bere onespena eman ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak eta EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreek 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu dute Lehendakaritzan.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana "gobernuaren, unibertsitateen, eragileen eta gizartearen arteko ituna" da. Gaineratu duenez, elkarlana ezinbestekoa da gizarte bezala aurrera egiteko: "gizarteari helarazten diogun mezua argia da: Unibertsitateak eta administrazioak, biak batera, biak mahai berean eserita etorkizuneko erronkei aurre egiteko".

Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, hiru unibertsitateen arteko titulu bat sortu dute integrazio estrategikoari, 2030 Agendaren jarraipenari eta komunikazioari eta Garapen Iraunkorreko Helburuei buruzkoa, eta unibertsitate bakoitzak 35 plaza eskainiko ditu 2023-2024 ikasturterako. Hiru unibertsitateek batera eta koordinatuta graduondoko bat eskainiko duten lehen aldia izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu EHU Deustuko Unibertsitatea argazkiak Mondragon Unibertsitatea argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Aurrekontuen azken ordukoa EHUko zuzendaritza taldea