Gizartea -
Osasuna
Euskadin kerik gabeko guneen sarea handituko dute, eta tabakorik gabeko 200 espaziotik gora egongo dira
Osasun Sailak bultzatuta, eta udalerri, foru aldundi eta beste eragile batzuekin lankidetzan, % 45 hazi da sarea, eta 211 puntutara zabaldu da; hondartzetan, igerilekuetan, eskola eta kirol inguruneetan eta 55 herritako parke zein plazetan.
EITB Media
Iaz Euskadin sortutako Kerik Gabeko Guneen Sarea % 45 hazi da, tabakorik gabeko 211 eremu izateraino.
Hala jakinarazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira emandako prentsaurrekoan. Munduan saihestu daitekeen lehen heriotza kausa izaten jarraitzen duen ohitura horren ondorio kaltegarriez kontzientziatzea du helburu, herritarren osasunerako mehatxu handienetako bat baita, bai itxaropenari dagokionez, bai bizi-kalitateari dagokionez.
Iaz jarri zuen martxan ekimena Osasun Sailak, foru aldundiekin eta udalekin lankidetzan. Helburua, sailburuaren beraren hitzetan, "airea gehitzea eta kea kentzea" da. Kerik gabeko 144 gunerekin abiatu zen sarea, eta urtebete geroago Euskadi osoko 211 gunetara zabaldu da; besteak beste, hondartzetara, igerilekuetara, eskola inguruneetara, haur parkeetara, plazetara edo kirol inguruneetara.
Parte hartu duten udalerrien kopurua ere hazi da, jatorrizko 41 udalerrietatik gaur egungo 55 udalerrietara; 6 Araban, 35 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan.
Tabakismoaren prebentzioa
Tabako kearen eta produktu eratorrien eraginpean inor ez egotea sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak ohitura utzi nahi duten erretzaileei laguntzeko jarduerak bultzatzen dituzte gaur egun.
Osakidetzak hainbat bide ditu erretzeari uzten laguntzeko. Erabiliena banakako tratamendua da, eta, ondoren, talde-terapia, online; hala ere, 2022an gehien hazi zena aurrez aurreko talde-terapia izan zen.
Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait gida argitaratuko dituzte tabakoaren edo erlazionatutako produktuen kontsumoa utzi nahi duten pertsonak motibatzeko eta laguntzeko.