Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 44. urteurrenean
Eguzki eta Gladys Gogoan taldeek gazte ekologista gogoratu dute larunbat honetan, haren hilketaren urteurrenean. Guardia zibil batek tiroz hil zuen, Tuteran egindako protesta antinuklear batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jende ugari bildu da larunbat honetan Donostian, Gladys del Estal gazte ekologistaren omenez egindako ekitaldian; izan ere, duela 44 urte, guardia zibil batek tiroz hil zuen, Tuteran (Nafarroa) Lemoizko zentral nuklearraren aurka egindako protesta batean.
"Aurreskuak, loreak, abestiak eta bizikletak izan ditugu gaurko omenaldian, hain umore berezia zuen lagun aktiboa gogoan izateko. Haren hilketa zigorrik gabe geratu zen, eta gaur da eguna aitortza ofiziala iritsi gabe dagoela", nabarmendu dute Eguzki eta Gladys Gogoan taldeek ohar batean.
Gaineratu dutenez, "merezitako aitortza iristen denean, iristen bada, harrera ona izango du", baina, nolanahi ere, "Gladysi ez zaio inoiz herriaren errekonozimendua faltako".
Urtero bezala, ekitaldi honetan "egungo egoerari buruzko irakurketa ekologista" egin da; izan ere, Eguzki eta Gladys Gogoan elkarteentzat, "Gladys ekainaren 3an Tuteran egotera eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dute".
Euskadi Irratiak Iñaki Antiguedad EHUko irakaslearekin hitz egin du, Gladysekin egon zena Guardia Zibilaren tiroa jaso zuenean. "40 urte geroago, Gladysek borrokatzeko zituen arrazoiek indarrean jarraitzen dute", azpimarratu du.