Gizartea -

Gipuzkoa

Inspektore bati espedientea ireki diote Irunen migratzaileak atxilotzeagatik egun libreak eskaintzea egotzita

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "akats zentzugabetzat" jo du agindua, eta deitoratu egin du "Poliziaren jokabidean justizia egiten ez duen" irudia eman izana.

Migratzaile talde bat Irunen kanpaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE.
Migratzaile talde bat Irunen kanpaldi batean
Migratzaile talde bat Irunen kanpaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak espediente bat ireki dio Irungo (Gipuzkoa) Atzerritarren eta Mugen Tokiko Brigadako inspektoreburu bati, migratzaileak atxilotzeagatik agenteei egun libreak eskaintzea egotzita.

Jupol Guipuzcoa sindikatuak sare sozialetan salatu duen agindu hori uztailaren 1etik aurrera zen aplikatzekoa, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Nazionalaren Buruzagitza Nagusiak bertan behera utzi du, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzatik baieztatu dutenez.

Jupolen salatu duenez, instrukzioak jasotakoaren arabera, inolako atxiloketarik gabe bi egun libre ematekoak ziren, migratzaile bat atxilotuz gero hiru konpentsazio-egun, bitik aurrera lau lizentzia-egun, eta bost egun libre, hamar atxiloketa edo gehiago eginez gero.

"Akats zentzugabea"

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak deitoratu egin du "poliziaren jokabidean justizia egiten ez duen irudia" eman izana, eta "akats zentzugabetzat" jo du agindua. Halaber, nabarmendu du bertan behera utzi zutela horren berri izan bezain laster, eta diziplina-espediente bat ireki zaiola egileari.

"Poliziaren errendimendua, eraginkortasuna, ez dago atxilotuen kopuruaren mende", adierazi du Gobernuko ordezkariak, eta esan du agindua ez zela "berariaz" pertsona migratzaileak atxilotzeko, "edozein herritar" atxilotzeko baizik.

Itxasok adierazi duenez, Irunen "tentsio berezia dago migratzaile askok muga zeharkatu nahi dutelako", eta gogorarazi du "Frantziako Estatuak itxita" duela muga "horrelako pertsonentzat", baina gaineratu du horrek guztiak ez duela zerikusirik agindu hori sinatu zuen pertsonak "egindako akats zentzugabearekin".

Halaber, Irungo Atzerritarren Brigadako burua "erakunde horretan sartu berria" dela jakinarazi du, eta erabaki hori "bere kabuz" hartu zuela, Gipuzkoako herri horretako komisarioa "komisarian ez zegoenean" argitaratu zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Salaketak berriak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Sindikatuen azken ordukoa