Gizartea -

DELITUA

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, Marseillan bi pertsona hiltzen saiatzea egotzita

Liskarra maiatzean jazo zen, antza denez, kontrabandoko tabakoarekin lotutako tirabira baten testuinguruan. Epaileak, behin-behineko espetxealdia agindu du, Frantziara estraditatu arte. Han, 36 urtera arteko kartzela-zigor eskaerari egin beharko dio aurre.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak maiatzean Marseillan bi pertsona hiltzen saiatu omen zen gizon bat atxilotu du hiriburuan. Auzipetua epailearen esku utzi dute jada, eta, Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 36 urtera arteko kartzela-zigor eskaerari egin beharko dio aurre.

Antza denez, gizonak arma zuri handi batekin eraso zien bi pertsonari Frantziako hiri horren erdigunean. Eraso horrek "zauri larriak" eragin zizkien, eta horietako bat "hilzorian" utzi zuen. Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera, kontrabandoko tabakoarekin lotutako tirabira baten testuinguruan jazo zen guztia.

Hala, susmagarria Bilbon egon zitekeela jakinda, Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen hasi zen, haren kokapena lehenbailehen zehazteko asmoz. Beharrezko informazioa bildu ondoren, Espainiako Polizia Nazionalarekin batera, polizia-dispositibo bat ezarri zuten, eta ostegunean, Bilboko Irala auzoan topatu, eta atxilotu egin zuten.

Atxilotu ostean, Indautxuko Polizia Nazionalaren egoitzara eraman zuten, eta epailearen esku geratu zen. Epaileak behin-behineko espetxealdia agindu du, Frantziara estraditatu arte. Han, 36 urtera arteko kartzela-zigor eskaerari egin beharko dio aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Delituak Frantzia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak