Gizartea -

Gipuzkoa

Bi gizon atxilotu dituzte Donostian, beste bati piberbeltz gasa botatzeagatik eta zauritzeagatik

Zauritua Martuteneko etxola batean zegoen gaua ematen, eta ospitalera eraman zuten; ustezko erasotzaileak, berriz, atxilotu eta ertzain etxera eraman zituzten.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 eta 28 urteko bi gazte atxilotu dituzte igande goizaldean Donostian, Martutene auzoko etxola batean lo egiten ari zen beste gizon bati piperbeltz gasa botatzeagatik eta labanaz eraso egiteagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakaria bart izan zen, 23:30ak aldera, Martutenen. Ordu horretan, polizia eta osasun langileak bertaratzeko eskatu zuten; dirudienez, arma zuriekin borrokan ari ziren zenbait pertsona.

Berehala bertaratu zen herritarren babeserako patruila bat, eta gizona aurkitu zuten. Odola zerion ebakietatik, batez ere eskuen inguruan.

Zaurituak adierazi zuenez, une batzuk lehenago bi gizon sartu ziren gaua ematen ari zen txabolan, eta haietako batek piperbeltz gasez busti zuen gela; besteak, berriz, labanaz eraso egin zion, eta hainbat zauri egin zizkion erasoari aurre egiten saiatzen ari zenean.

Zauritua ospitalera eraman zuten, eta ustezko erasotzaileak handik gertu atxilotu eta ertzain etxera eraman zituzten.

Gainera, erasoa gertatu zen lekutik gertu zegoen borda batean gaua pasatzen ari zen familia bateko kideei ere eragin zien piperbeltz gasak, eta osasun laguntza behar izan zuten horiek ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Euskal hiriburuak Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Delituak azken ordukoa Gizartea Albisteak Gaur Albisteak