Gizartea -
Azken balantzea
Sanferminak 'borobilak eta giro oso onekoak' izan dira
Iruñeko alkateak musika ekitaldien arrakasta eta bisitari kopuru handia azpimarratu ditu. Gauza negatiboen zerrendan, 'riau-riau' bertan behera utzi behar izana aipatu du.
Erredakzioa
2012ko sanferminak "festa borobilak eta giro oso onekoak" izan dira, eta "normaltasuna, eguraldi ona eta bisitarien kopuru handia" nagusitu dira Enrique Maya Iruñeko alkatearen arabera. Gauza negatiboak ere egon dira, baina "puntualak", Mayaren hitzetan.
Jaiak larunbat gauean amaitu ziren, 'Gaixoa ni' famatua abestuta, bederatzi egunetako jai-giroaren ostean. Enrique Mayak aurtengo edizioaren balantzea egin du Fermin Alonso Hezkuntza eta Kultura zinegotziarekin eta Ignacio Polo Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin batera.
Elementu positiboen artean, Mayak 431 ekitaldi ofizialetan izandako parte-hartzea azpimarratu du. Datuen arabera, milioi eta erdi pertsona bildu baitituzte. "Eskaintza musikalak ere arrakasta handia izan du", 514.000 ikusleak gaindituta; eta entzierroetako segurtasuna ere nabarmendu du. Aurten lau adarkada izan dira, azken urteetako kopururik txikiena, eta batez beste, entzierroek bi minutu 40 segundo iraun dituzte.
Jende gehien bildu zituzten entzierroak uztailaren 7 eta 8koak izan ziren, 3.300 eta 4.200 korrikalarirekin, hurrenez hurren. Jende gutxien azken biek bildu dute, 1.900 korrikalarirekin. Entzierroetan segurtasuna bermatzeko 500 pertsonak lan egin dute, eta 421 kazetari akreditatu dira, 18 herrialdetatik etorritakoak.
Txarrena, 'riau-riau' bertan behera uzteaGauza txarren zerrendan, alkateak 'riau-riau' ekitaldia bertan behera utzi behar izana aipatu du. Gainera, sortutako istililuen ondorioz, lau pertsona atxilotu zituzten.
Igande goziean ere istiluak izan dira, jaiak bukatuta, 'villavesako entzierroan' lau pertsona atxilotu baitituzte.