Gizartea -
Enplegu publikoa
2018-2019ko LEParen behin-behineko lehenengo emaitzak argitaratuko ditu gaur Osakidetzak
Probetan parte hartu dutenek behin-behineko emaitzak izango dituzte ikusgai Osakidetzako webgunean 12:00etatik aurrera. Horrekin batera, lantokia ere aukeratu ahal izango dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2018-2019ko LEParen behin-behineko lehenengo emaitzak argitaratuko ditu gaur Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezagutzera eman duenez.
Jakinaraziko dituzten lehenengo emaitzak lan-kategoria hauetakoak izango dira: audioprotesiko teknikaria, erradiodiagnostikoko teknikaria, logopedian diplomaduna, pediatriako medikua, dietetikako teknikaria eta osasun dokumentazioko teknikaria.
Probetan parte hartu dutenek behin-behineko emaitzak izango dituzte ikusgai Osakidetzako webgunean 12:00etatik aurrera. Horrekin batera, lantokia ere aukeratu ahal izango dute.
2018-2019ko LEPko epaimahaiek euren lana bukatutakoan, eta 2020, 2021 eta 2022ko LEPko proben datak zabaldu aurretik, emaitzak jakinaraziko dituzte.
2020, 2021 eta 2022ko LEPko birjartze probak eta 2021eko egonkortzearena uztaila eta azaroa bitartean egingo dituzte, Gasteizko EHUko campusean nahiz Barakaldoko BECen.
Guztira, 7.639 plaza izango dira, 110 lan-kategoriatan banatuta. Osasun Sailaren hitzetan, "Osakidetzako historian inoiz izandako lan-eskaintza publikoko egonkortze prozesurik handiena izango da".