Gizartea -
Arrazismoari buruzko txostena
"Bizikidetzak okerrera" egin duela ohartarazi du SOS Arrazakeriak, eta egoera iraultzeko premia azpimarratu
2022an jasotako salaketetan oinarrituta, txostena plazaratu du federazioak. Arrazismo instituzionala nabarmentzen da aurtengoan, baita aurreiritziek eragindako indarkeria egoerak ere.
I.L.K. | EITB Media
SOS Arrazakeria Elkarteen Federazioak Espainiako Estatuko arrazismoari buruzko 2023ko Urteroko Txostena argitaratu du gaur. Bertan, egungo egoeraren argazki bat eskaintzen du, 2022 urtean arreta bulegoetan jasotako arrazagatiko diskriminazio salaketak oinarri hartuta.
Gatazka eta eraso arrazistetatik eratorritako kasuen gorakada nabarmendu du txostenak, baita laneko diskriminazioa ere. Ohartarazi dutenez, "Espainiako Estatuan bizikidetzak okerrera egin duela" erakusten dute datuok, eta egoera konpontzeko neurriak abian jartzeko "premia" azpimarratu dute.
Arrazismoa, datuetan
Hasteko, arrazismo instituzionala nabarmentzen da, 250 kasu guztira, eta horri gehitu behar zaizkio prestazio eta zerbitzu publikoetarako sarbidea ukatzearekin lotutako kasuak, 126 kasu guztira.
Bigarrenik, 130 kasutan agertzen dira gatazka eta eraso arrazistak, alegia, "arrazagatiko aurreiritziek, diskurtsoek, ekintzek eta jokabideek eragindako indarkeria egoerak edo liskarrak".
Lan diskriminazio salaketen azterketak, 78 kasu guztira, adierazten du pertsonak lan ingurunean modu txarrean eta bidegabean tratatzen direla, eta hori oztopo handia da enplegua lortzeko aukera izateko.
Azkenik, eskuin muturraren 19 gorroto diskurtso kasu aipatzen dira diskriminazioaren adierazpen gisa.
Agente diskriminatzaileari dagokionez, salatutako kasuen % 51,21ean erakunde publiko bat izan zen diskriminatzailea, eta kasuen % 23,24an partikularrak, hau da, aurreko urtean baino % 20 inguru gehiago. Kasuen % 22,7an, erakunde pribatuak identifikatu ziren agente diskriminatzaile gisa, hau da, aurreko urtean baino % 20 gehiago.
Salatu duten pertsonen sexuari dagokiolarik, % 48 gizonezkoak izan ziren (358 salaketa), eta % 52 emakumezkoak (382 salaketa). Hau da, emakumeek gizonek baino ehuneko 4 puntu gehiago salatzen dute, aurreko urteetan bezala.
Jasotako datuek informazio garrantzitsua ematen dute salatzaileen migrazio estatusari eta nazionalitateari lotutako diskriminazioari buruz. Salaketa jarri zuten pertsona gehienak egoera irregularrean zeuden. Era berean, adierazgarria da salaketen % 29 egoera irregularrean zeuden pertsonei zegozkiela.
Arrazismoaren aurkako proposamenak
Jasotako datuei erantzuna emateko eta datorren hauteskunde kanpainaren testuinguruan, federazioak proposamen sorta egin du, alderdi politikoak horiekin bat egitera gonbidatu dituelarik, hauteskunde programei begira:
1) Arrazakeriaren eta diskriminazioaren errealitateari modu transbertsalean eta begirada antirrazista zein feministatik heltzen dioten lege eta politika integralak: gizarte eraldaketa bilatzea.
2) Tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako uztailaren 12ko 15/2022 Lege integrala garatzea.
3) Araudia bete dadin hobekuntzak egitea.
4) Erakundeen arrazismoaren aurrean, kolektibo zaurgarrietako pertsonak eraginpean hartzen dituzten prozesuetan behar adina baliabide.
5) Gizartearen parte hartzea politika publikoen formulazioan, arrazializatutako pertsonen eta erakundeen presentzia bermatuz, baita arrazakeriaren aurkako kolektibo eta erakundeena ere.
6) Polizia eredu berria.
7) Arrazismo komunitarioaren aurkako politiketan inbertitzea. Arrazismoaren, erasoen eta auzo gatazken aurkako borroka.
8) Gatazka kudeatzeko modu berriak, arraza eta gizarte justiziaren aldeko apustua. Bitartekaritza, justizia berrezarlea.
9) Pertsona eta komunitate arrazializatuen ahalduntzea.
10) Epe luzerako begirada, aurreko guztiak gizarte antirrazista bat sortzeko tresnak izan daitezen. Arrazismoaren aurkako borrokatik antirrazismora igarotzea.