Gizartea -
Mobilizazio oldea Frantzian
Frantzian larrialdi-egoera ezartzea saihestu du Macronek, eta "ardura" eskatu die gazteen gurasoei
875 pertsona atxilotu zituzten ostegun gauean. Segurtasun neurriak indartuko dituztela iragarri du Frantziako presidenteak, eta jaiak ospatzen ari diren toki gatazkatsuetan bertan behera utziko dituzte aurreikusitako ekitaldi guztiak.
Agentziak | EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du herrialdean larrialdi-egoera ezarri nahi izan ostiral honetan, baina Nahel gazte adingabearen heriotza "bidegabe erabiltzea" irmo deitoratu du. Poliziak, tiroz hil zuen asteartean 17 urteko gaztea, Nanterren (Paris kanpoaldean) egindako polizia-kontrol batean. Hala, ezbehar horrek eragindako mobilizazio oldeari aurre egiteko asmoz, lanean jarraitzeko prest agertu da agintaria, eta protestetan parte hartzen ari diren gazteen gurasoei "ardura" eskatu die, Barne Ministerioaren krisi kabinetearen premiazko bilera amaitutakoan kazetarien aurrean egindako agerraldian.
"Argi dago indarra erabiltzen duten talde antolatuek bultzatu dituztela azken egunotako istiluak (…), gazte askoren babesarekin", adierazi du Macronek. Testuinguru horretan, ostegun gauean atxilotutakoen herena "oso gazteak" dira. Bere esanetan, "gurasoen ardura da gazteak etxean geratzea".
Horrez gain, sare sozialen bitartez istiluak antolatzen dituzten pertsonak identifikatzeko eskatu du Macronek, eta "datozen orduetan" neurri bereziak hartuko dituztela jakinarazi du. Izan ere, Poliziak 17 urteko gaztea tiroz hil zuenetik, Frantziako toki askotan indarkeria erabiliz protestak egiteko deialdi ugari zabaldu direla ziurtatu du Macronek.
Frantziako Barne Ministerioak baieztatu duenez, 875 pertsona atxilotu zituzten ostegun gauean. Hori dela eta, segurtasun neurriak indartuko dituztela iragarri du Macronek, eta jaiak ospatzen ari diren toki gatazkatsuetan bertan behera utziko dituzte aurreikusitako ekitaldi guztiak. Frantziako Poliziak ostiral gauerako deitutako protesten berri du jada eta Marseillako Poliziak bertan behera utzi ditu inguruan deitutakoak.
Frantziako presidenteak, ordea, ez du herrialdean larrialdi-egoera ezarri nahi izan ostiral honetan, Elisabeth Borne oposizioko buruak hala eskatu dion arren.
Macronek irmo deitoratu du indarra baliatuz kalean erakusleihoak apurtu eta desorden publikoa eragin dutenen jokabidea. Hala, azken bi egunotan Frantzian guztiz justifikaezinak eta onartezinak diren egoerak bizi izan direla azpimarratu du.