Gizartea -
Iruzurra
Hegazkin-txartelak legez kanpo erostea egotzita atxilotu dute
Kreditu-txartel faltsuak erabiltzen zituen hegaldiak erosteko, eta ondoren erdi prezioan saltzen zituen. L´Hospitalet de Llobregatetik egiten zituen erosketak, eta bertan atxilotu dute.
Polizia Nazionalak ustez hegazkin-txartelak legez kanpo erosten zituen gizon bat atxilotu du. Kreditu-txartelak klonatzen zituen, eta, telefonoz erosketa egin ondoren, erdi prezioan saltzen zituen hegazkin-txartelok. Erosleek Internet bidez erosten zituzten. Biktimak Belgika, Alemania eta Austriako hiritarrak dira.
Ikertzaileek L´Hospitalet de Llobregat herrian (Bartzelona) aurkitu dute telefono linearen jabea, eta atxilotu egin dute. Ustezko iruzurgileak (jatorriz Ginea Bissaukoa da) 15.000 eurotik gorako irabaziak izan ditu kreditu-txartel faltsuak erabilita, Poliziaren arabera, eta Bartzelonako epaitegi batek kartzelatzeko agindua zeukan emanda. Berarekin lan egiten zuen beste pertsona bat ere atxilotu dute, Luxenburgon.
Ikerketa 2012ko urtarrilean hasi zen. Europolek L´Hospitalet de Llobregaten kokatuta zegoen telefono linea batetik iruzurra atzeman zuela jakinarazi zion, Luxenburgotik, Espainiako Polizia Nazionalari. Iruzurgileak Internet bidez hegazkin-txartelak erosi ondoren, erosleek dirua bidaltzeko enpresen bidez transferitzen zuten ordaindu beharrekoa, ustez.