Gizartea -

2023ko sanferminak

Entzierro garbia, La Palmosilla ganadutegiko zezenen eskutik

Adardunek bi minutu eta erdiko denboran egin dute ibilbidea. Sei izan dira ospitalera eramandako korrikalariak, Gurutze Gorriak egindako behin betiko balantzearen arabera.

La Palmosilla ganadutegiko adardunak, entzierroan. EITB Media
La Palmosilla ganadutegiko adardunak, entzierroan.
La Palmosilla ganadutegiko zezenek lehen entzierro azkarra korritu dute

2:39

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Palmosilla ganadutegiko zezenek lasterketa azkarra (2'32'') eta garbia egin dute San Fermin jaien lehen entzierroan. Izan ere, Gurutze Gorriaren kontaketaren arabera, sei korrikalari eraman dituzte ospitalera, gehienak erorikoengatik. 

Sei adardunek batuta ekin diote lasterketari, baina sakabanatzen joan dira ibilbideak aurrera egin ahala. Lurra bustita zegoen (euri-jasak izan ziren atzo), eta korrikalari asko pilatu dira 800 metroko bidean. 

Telefonicako zatian zezen beltz bat aurreratu da, eta korrikaldi politak egin ahal izan dituzte partehartzaileek. Behin sakabanatuta, zezen plazara sartzen hasi dira animaliak. Horietako bat atzean geratu da, eta horren ondorioz, bi minutu eta erdi iraun du entzierroak. 

Hirugarren urtea dute Cadizko ganadutegiko zezenek sanferminetan, eta aurrekoetan bezala, lasterketa arin eta garbia egin dute, adarkaturik gabekoa. 

Horixe bera baieztatu du Gurutze Gorriaren balantzeak ere. Sei pertsona eraman dituzte erietxera. Hasiera batean, lehen balantzean, lau korrikalari izan direla jakinarazi dute, baina gero, beste bi batu dira. 

Espoz Minan erorikoa izan duten 25 urtetik gora bi gizonezko erietxeratu dituzte, batek traumatismoa du zezenak zapalduta, eta besteak kontusioa du eskumako hankan. 

Estafetatik lau pertsona eraman dituzte Nafarroako Ospitalera: batek zauria du aurpegian, beste bati besoa bihurritu zaio, hirugarren batek ubeldu du aurpegian eta azkenak, hankan. Zezen plazatik seigarren korrikalari bat ospitaleratu dute garezurrean kontusioa zuela. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak