Gizartea -
Errepideetako kontrolak
Gidarien erdiek positibo eman dute drogen proban
Administrazio zigorra alkoholaren kontsumoagatik ezartzen denaren berdina izango da: 500 euroko isuna eta gidatzeko baimenaren 6 punturen galera.
Erredakzioa
Gidarien % 56k positibo eman du Trafiko Zuzendaritza Orokorrak (DGT) egin dituen drogen aurkako 101 probetan. Test horiek uztailaren 5etik 15era bitartean egin dira, eta kasuen % 90ean gidariek kokaina edo cannabisagatik eman dute positibo.
Jorge Fernandez Díaz Barne ministroak azaldu duenez, hori izan da Trafikok alkohol eta drogen kontsumoaren aurka jarritako operazioaren lehen astearen ondorioetako bat. Prentsaurreko horretara María Seguí DGTko zuzendariarekin batera agertu da ministroa.
Aurten, DGTk drogen aurkako 2.259 kontrol egin ditu, eta horietan parte hartu dutenen % 56k, 1.304k hain zuzen, positibo eman dute, gehienbat cannabis-a edo kokaina hartzeagatik. Bi sustantzia horien ostean, metanfetaminak, anfetaminak eta opiazeoak detektatu dira gehien.
500 euroko isuna
Kontrolak zorizkoak dira, eta 60 zentimo balio duten proba batzuen bitartez egiten da. Probak gidariaren listua aztertzen du.
Zigor administrazioa alkoholaren kontsumoagatik ezartzen denaren berdina izango da: 500 euroko isuna eta gidatzeko baimenaren 6 punturen galera.
Espainia kokaina eta cannabis kontsumo gehien duen herrialdeetako bat da, eta hori gidariengan ere islatzen da: % 19,4k drogak kontsumitu ostean gidatzen baitu, eta 100etik 3k alkohola eta estupefazienteak nahasten ditu.