Gizartea -

maula

Bilbotar bat ikerketapean, existitzen ez ziren futbol partidetarako eta kontzertuetarako sarrerak saltzeagatik

Guztira, 7.000 bat euroko iruzurra egin zien 50 pertsonari. Produktuen salmentarako webguneetan jartzen zituen salgai sarrerak, merkeago, eta gero ez zituen bidaltzen.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Guardia Zibilak Bilboko gazte bat ikertu du existitzen ez ziren futbol partidetarako eta kontzertuetarako sarrerak online saldu eta bezeroei ez bidaltzea egotzita. Guztira, 50 pertsonari maula egitea eta 7.000 euro poltsikoratzea leporatu diote. 

Guardia Zibilak ohar batean jakinarazi duenez, ikerketa martxoan abiatu zuten pertsona batek salaketa aurkeztu ondoren. Esan zuenez, futbol partida baterako bi sarrera erosi zituen webgune ezagun batean, baina ez zituen etxean jaso. 

Ikerketari esker agenteek egiaztatu dutenez, ikertutakoak iragarkiak jartzen zituen produktuen salerosketarako webguneetan kirol eta musika ikuskizunak merkeago ikusteko sarrerak eskainita. Erosleek bizum bidez egiten zituzten ordainketak, baina gerora, ez zituzten sarrerak jasotzen. 

Antza, bost banketxe ezberdinetan zabaldutako kontuei lotutako telefono linea bat zerabilen ustezko iruzurgileak, eta informatikan zuen ezagutza baliatzen zuen iruzurra egiteko. 

Iruzurraren biktimei dirua itzultzeko eskatu zion Guardia Zibilak ikertutako pertsonari, baita onartu ere. Guardia Zibilaren arabera, gaztea Zuzenbidea ikasten ari da, eta aurretik auzibidean izan da, baina betiere akordioak lortu ditu kaltedunekin aurrekariak saihesteko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Iruzurrak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak