Gizartea -
DONOSTIA
Bertakoek bakarrik aparkatu ahal dute gauez Pasealeku Berrian
Aurrez Sagües inguruan egin bezala, lehendabiziko aste honetan araua urratzen duten ibilgailuei jakinarazpena egingo zaie, eta abuztuaren 8tik aurrera hasiko dira zigorrak jartzen.
EITB MEDIA
Abuztuaren 1etik egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal dute gauez, 21:00etatik 09:00etara, Donostiako Pasealeku Berrian eta Salamanca pasealekuan. Dagoeneko Sagüesen ere indarrean dagoen araudia beste eremu batzuetara zabaltzeko lanean ari da Udala.
Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak azaldu duenez, egoiliarrak ez direnek ezingo dute gauez inguru horietan aparkatu.
Lehendabiziko aste hau informatiboa izango da, eta araua urratzen duten ibilgailuen jabeei jakinaraziko diete, baina isunik jarri gabe. Abuztuaren 8tik aurrera, ordea, zigorrak jarriko dituzte.
Sagües, Pasealeku Berria eta Salamanca pasealekua ez dira debekatutako eremu bakarrak izango, eta hurrengoak Eduardo Chillida pasealekua (Ondarreta), Satrustegi etorbidea (Ondarreta) eta Zurriola etorbidea (Gros) izango dira. Hain zuzen, aste honetan bertan hasiko dira inguru horiek margotzen eta seinaleztatzen.