Gizartea -
Denboralea
Alerta laranja ezarri dute biharko kostaldean, 4 metroko olatuak espero baitituzte
Gaurko 15:00etatik ostiraleko 18:00etara, sei abisu hori egongo dira aktibo nabigaziorako eta kostaldeko inpaktuagatik. Horrez gain, Nafarroa hegoaldea abisupean dago gaur, beroagatik. Bihar eta etzi, berriz, euriagatik jarriko dute abisua Nafarroa iparraldean.
Eider Garaikoetxea O. |EITB Media
Patricia izeneko depresioak olatu handiak utziko ditu euskal kostaldean eta prezipitazio gogorrak bihar eta etzi Nafarroa iparraldean. Horrez gain, egun sargoria izango dute gaur Erriberan. Iragarpena kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigaziorako biharko Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, 4 metrorainoko olatuak espero baitira. Horrez gain, gaurtik hasita eta ostiral arratsaldera bitartean, itsasaldeko arriskuagatik, beste sei abisu hori aktibatuko dituzte. Lapurdiko kostaldea ere izango da abisupean olatuengatik gaur eta bihar.
Halaber, Aemetek abisu horia ezarri du gaurko, 13:00etatik 21:00etara, Erriberan, 36 ºC-ko maximoak egon daitezkeelako. Bihar eta etzi, berriz, Nafarroa iparraldea (Baztan ingurua) egongo da abisupean, euriteengatik. Abisuak osteguneko 20:00etan jarriko dituzte indarrean, eta ostiraleko 14:00ak arte egongo dira aktibo. Ordubetean 15 mm eta 12 orduan 40 mm pila daitezke, iragarpenaren arabera.
Jaularitzak emandako abisuei dagokienez, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean abisupean egongo dira gaur. Lehen abisua 15:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean, nabigaziorako, eta bestea, 17:00etatik 19:00etara, olatuek kostaldean izan dezaketen inpaktuagatik. 2,5 metroko olatuak espero dira. Gainera, marea biziak iragarri dituzte. Itsasgora 18:05ean izango da, eta mareak 4,97 metro egingo du gora.
Bihar, gauerdiarekin sartuko da alerta laranja indarrean, 15:00ak arte. Nabigaziorako arriskua egongo da lehen bi milietan, 3,5-4 metroko olatuak espero baitira. Itsaski handia egongo da, itsaso oso zakarreko guneekin. 15:00etatik aurrera, abisu horia sartuko da indarrean, eta ostiraleko 18:00ak arte egongo da aktibo.
Halaber, olatuek kostaldean izan dezaketen inpaktua tarteko, beste bi abisu egongo dira: bata, 06:00etatik 08:00etara (3-3,5 metroko olatuak), eta bigarrena, 18:00etatik 20:00etara (3-3,5 metroko olatuak).
Denboralea tarteko, Donostiako Udalak Santa Klara uhartea ixtea erabaki du, beste hainbat neurri prebentibo hartzearekin batera.