Gizartea -
Nafarroa
Gizon bat atxilotu dute Iruñean gazte bati kristalezko botila hautsi batekin lepoan mozketa bat egin ostean
Erasotzaileaz gain, erasotutako gaztea ere atxilotu du Iruñeko Udaltzaingoak, lapurreta egitea egotzita. 16 jostura-puntu behar izan ditu lepoan.
Agentziak | EITB MEDIA
Iruñeko Udaltzaingoak 18 eta 19 urteko bi gazte atxilotu ditu gaur goizaldean Iruñean, Arrosadia auzoan, horietako batek kristalezko botila hautsi eta lepoan besteari ebaki bat egin ostean.
Poliziak telefono dei bat jaso du goizaldeko ordu bata aldera, bi gazteren arteko borroka baten berri emanez. Agenteak bertaratu direnean, bietako batek ebaki bat zuen lepoaren atzeko aldean, eta, ondorioz, bestea atxilotu dute.
Erasotzailea atxilotzen ari zirenean eta zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eramateko anbulantziaren zain zeudela, beste gizon bat agertu da, eta bien artean erlojua lapurtu diotela salatu du. Horren aurrean, biak atxilotu dituzte, bati lapurreta eta lesioak egitea egotzita eta besteari lapurreta egotzita. Zaurituak 16 jostura-puntu jaso ditu.