Gizartea -
Andaluzia
Alerta egoera aktibatu dute Cadizen Puerto Realen izandako suteagatik
Sevilla eta Cadiz lotzen dituen AP-4 autobidea itxi dute 104. kilometroan, Puerto Real udalerriko Las Canteras eremu naturalari eragiten dion baso-suteagatik.
Agentziak | EITB MEDIA
Andaluziako Juntak alerta egoera ezarri du igandean, 17:15ean, Cadizen, Puerto Real udalerriko Las Canteras parkean piztutako baso-suteagatik, eta AP-4 autobidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan, 104. kilometroan.
Azaldu dutenez, pertsonentzat eta ondasunentzat arriskua dago, eta Suhiltzaileen Partzuergo Probintzialak baieztatu du hainbat etxe hustu dituztela prebentzio neurri gisa.
Cadiz eta Sevilla lotzen dituen AP-4 autobidea bi noranzkoetan itxi dute 104. kilometroan, eta ordezko bideak bilatzea gomendatu dute. Udalerri horretako tren-zirkulazioak, berriz, atzerapenak izan ditu.
Andaluziako Juntaren (Infoca) suteen aurkako planak suari aurre egiteko bitartekoak areagotu ditu, eta helikoptero arin bat, bi erdi-astun eta astun bat, lurrean kargatzeko bi hegazkin eta koordinaziorako hegazkin bat, autobonba kamioi bat eta basoko hiru suhiltzaile-talde eta analisi-unitate bat ari dira lanean.
Cadizko badian hainbat kilometrora ikusten da kea, eta argindarra eten behar izan dute inguruko hainbat herritan.