Gizartea -
EGURALDIA
Abisu horia euriagatik Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ekaitzengatik Nafarroan
Nafarroako erdialdean, abisua 17:00etan sartu da indarrean gauerdira arte, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, berriz, ordubete geroago. Azken hori astelehen goizaldeko 03:00ak arte egongo da indarrean.
EITB MEDIA
Aemet meteorologia agentziak jakinarazi duenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean abisu horia ezarri dute igande honetan euriagatik, eta Nafarroako erdialdea abisu horian dago ekaitzengatik.
Nafarroan, 17:00etan sartu da indarrean abisua gauerdira arte, eta isurialde atlantikoan, berriz, ordubete geroago, 18:00etan. Azken hori asteleheneko 03:00ak arte egongo da indarrean.
Aurreko egunetakoa baino giro nahasiagoa izan da gaurkoa. Hala, hodei dezente izan dira goizean iparraldean, eta ostarteak zabaldu dira arratsaldean. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, eta Araba hegoaldean, giro eguzkitsua izan dugu egunaren zatirik handienean. Arabako gainerako lekuetan, goizean jaso du, eta arratsaldean ostarteak ireki dira iparraldean.
Arratsalde-gau partean, bero-hodeiak garatu dira, eta litekeena da zaparrada trumoitsu batzuk botatzea; txingorra ere bota dezake, bereziki ekialdean. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik sumatuko, eta zenbait tokitan apur bat jaits litezke.
Astelehenari dagokionez, ez dugu aldaketa handirik espero. Igandeko eguraldiak jarraipena izango du; goizean, hodei gehiago egongo dira iparraldean, eta arratsaldean, ostarte gehiago. Hegoaldean, giroa eguzkitsua izango da, oro har.
Arratsalde-gau partean, bero-hodeiak garatuko dira, eta zaparrada trumoitsuren bat bota dezake tarteka. Tenperaturan, aldaketa gutxi izango dira, baina goranzko joera izango du.
Bukatzeko, asteartean, hodei dezente agertuko dira. Isurialde atlantikoan pilatuko dira gehien, baina hegoalderaino ere helduko dira. Isurialde atlantikoan, goizean, baliteke zirimiri apur bat egitea.
Arratsalde-gauean, zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Haizea iparraldetik etorriko da, eta tenperatura jaitsi egingo da.