Gizartea -

Tenerifeko sutea

Tenerifeko sutea "oraindik kontrolatu gabe" dagoela adierazi du Kanarietako presidenteak

Fernando Clavijo presidenteak jakinarazi duenez, etxera itzuli dira jada kaltetutako herritar asko, gauean zehar egindako lanen ondoren. Horrekin batera, Pedro Sanchez Gobernuko presidentea Tenerifeko hegoaldean izango da gaur, azpiegitura zientifikoetan eragindako kalteak ikusteko.

Baso-suteari aurre egiteko lanek aurrera dihardute, batez ere, Tenerifeko hegoaldean. Foto: EFE.
Baso-suteari aurre egiteko lanek aurrera dihardute, batez ere, Tenerifeko hegoaldean. Foto: EFE.
Baso-suteari aurre egiteko lanek aurrera dihardute, batez ere, Tenerifeko hegoaldean. Foto: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Clavijo Kanariar Uharteetako presidenteak adierazi duenez, asteartean Tenerifen sortutako baso-sutea oraindik ez dute kontrolpean, baina "okerrena pasatu da", horren arabera. Gainera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea zonalde horretan izango da gaur, Arafo udalerrian jarri duten Aginte Postu Aurreratuan egiten ari diren lanak ikusteko.

Gau osoan zehar, Larrialdietako Unitate Militarra (UME) uhartearen hegoaldeko eremua kontrolatzeko lanean aritu da, Baso-suteak Indartzeko Brigadekin (BRI) eta Kanarietako esku hartzeko taldeen laguntzarekin batera. Arafo-Candelaria eremuan, defentsa-lerro bat sortu dute Teideko Behatokia eta Guimarko amildegia babesteko.

"Gau emankorra izan da", esan du Clavijok suteari aurre egiteko lanen balorazioa eginez. Kanarietako presidenteak jakinarazi du kaltetutako herritar batzuk etxera itzuli direla, eta oraindik etxera bueltatu ez direnei egunean zehar "berri onak" ematea espero duela gaineratu du.

"Zuhurtziak eskatuta, batzuk etxetik kanpo mantendu behar izan ditugu", azaldu du. Bestalde, presidenteak azpimarratu du sutea nahita piztutakoa izan dela, eta "teknikariek aurretik ez dute inoiz horrelako sute handi eta indartsurik izan aurrean".

Orain arte, Tenerifen izandako baso-suteak 12.813 hektarea baino gehiago eta 90 kilometroko perimetro bat erre ditu.

Hondamendi eremua

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu duenez, Ministroen Kontseiluak larriki kaltetutako eremuaren izendapena onartuko du, Tenerifeko sutea kontrolpean dagoenean.

Horrekin batera, Gobernua berreraikitze lanetan eta kaltetutako pertsonei laguntza ematen "inplikatuko" dela bermatu du Sanchezek: "Gobernua orain eta dena amaitzen denean egongo da, suteak suntsitu duen guztia berreskuratzen eta berreraikitzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak