Gizartea -
Suteak
Artaxoako eta Mendigorriako sutea perimetratuta eta egonkortze fasean dago
SOS Nafarroak jakinarazi duenez, egoerak hobera egin du eta ez dago arriskurik herritarrentzat.
Agentziak | EITB Media
Artaxoa eta Mendigorria inguruan piztu den sutean lanean ari diren suhiltzaileek sua perimetratzea lortu dute eta egonkortze fasean dago, Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak (SOS Nafarroak) jakinarazi duenez. Era berean, ziurtatu du egoerak bilakaera positiboa duela eta ez dagoela arriskurik herritarrentzat.
Sua 15:00ak aldera piztu da Artaxoako iparraldean, eta Añorbe, Obanos, Artaxoa eta Mendigorriako parajeei eragin die. Behe basoa erre du gehien bat.
Arratsaldean Nafarroako Foru Komunitateko baso-suteengatiko Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziaren (INFONA) 2. egoera aktibatu da, eta bitartekoak eskatu zaizkio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari. Honek Lubia (Soria) eta Darocako (Zaragoza) suteen aurkako brigadak (BRIF) eta FOCA hegazkin anfibioa bidali dituztela baieztatu du.
Horrenbestez, bost helikoptero, hiru hegazkin eta suhiltzaileen 20 kamioi inguru ari dira lanean, baita basozainen eta Foruzaingoaren agenteak ere. Helikopteroak Mendigorriako eta Gareseko igerilekuetan eta Artaxoako eta Allozeko urtegietan ari dira ura kargatzen. Horrez gainera, Foruzaingoak Artaxoa, Medigorria eta Obanos herrien inguruko errepideak eta sarbideak kontrolatzen ari da, beraz, errepideak ireki eta itxi ditzakete, unean uneko beharren arabera.
Arratsalde erdian, Mendigorriako bizilagunak kezkatuta egon dira, sua herrira iritsiko zen beldur. Izan ere, nekazariek suebakiak egin dituzte herriaren inguruan, bertaratutako agintari eta larrialdi-zerbitzuekin koordinatuta.
Hala eta guztiz ere, iluntzean, sua kontrolatu eta inguratzea lortu zuten sugarren kontrako zerbitzuek.