Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Bilboko Konpartsek Marijaiaren "erabilera komertziala" salatu dute, Udalak irudi eskubideak eskuratu ondoren
Ohar batean, konpartsek defendatu dute Marijaia "guztiona eta inorena ez" dela, eta "festa, alaitasuna eta dibertsioa" duela. Erabilera hori salatzeko, performance bat egin dute arratsaldean.
Agentziak | EITB MEDIA
Bilboko Konpartsek Marijaiaren "erabilera komertziala" salatu dute, Bilboko jaien ikurra dena, irudi-eskubideak "Udalaren eskuetara" igaro ondoren.
Ohar batean, konpartsek azpimarratu dute Marijaia "guztiona eta inorena ez" dela, eta "festa, alaitasuna eta dibertsioa" esan nahi duela. "Marijajak ez digu ezer saldu nahi, ezta salerosketa traturik egin ere", ziurtatu dute.
Kritikatu dutenez, azkenaldian "kezkaz" egiaztatu dute Aste Nagusiko "ikono ezagunenaren irudia, han eta hemen, interes partikular eta komertzialekin erabiltzen ari dela".
"Agian kasualitatea izango da, baina hori gertatzen ari da justu ikonoaren irudi-eskubideak Bilboko Udalaren esku daudenean, iazko abenduan udalak, 440.000 euro ordainduta, egilearengandik eskuratu baitzuen Marijaiaren jabetza intelektualeko eskubideen lagapena (erreprodukzio, banaketa eta komunikazio eskubideak)", gaineratu dute konpartsek.
Hori dela eta, Bilboko Konpartsek "orain arte Marijaiaren erabilera bera mantentzeko akordioa" proposatu dute Jaietako Batzorde Mistoan. " Orain arte, hala ere, hitz onak besterik ez ditugu jaso udalaren aldetik. Ikusitakoak ikusita, are argiago ikusten dugu Aste Nagusiko ikonoen erabilera arautzeko beharra", adierazi du.
Aste Nagusiko ikonoaren erabilera arautzeko beharra azpimarratu ondoren, konpartsek dei egin dute "Marijaiaz modu alaian, jai-giroan eta era altruistan gozatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita ikonoa irabazi asmoz eta diru-gosez erabiltzeari uko egiteko ere".
Marijaiaren "erabilera komertziala" salatzeko, Bilboko Konpartsek performance bat egin dute arratsaldean. Marijaiak arropetara itsatsita zituen marka komertzial ezagunen etiketa eta pegatinak kendu dizkiote dozenaka lagunek.