Gizartea -
Erlijioa
Frantziak abaya debekatu du eskoletan, erlijio bereizgarri bat delako
Gobernuko bozeramailearen hitzetan, "eskola ez da erlijio proselitismoa egiteko tokia", eta iragarri du aste honetan bilduko dela ikastetxeetako zuzendariekin, zuzentaraua azaltzeko.
Agentziak | EITB Media
Frantziak abaya debekatuko du eskola publikoetan, laikotasunaren izenean; izan ere, Gobernuaren ustez, jatorriz herrialde musulmanetakoa den eta emakumeen gorputza burutik oinetara estaltzen duen tunika zabal hori erlijio bereizgarri bat da.
"Eskola ez da proselitismo erlijiosoa egiteko tokia", azpimarratu du astelehen honetan Olivier Veran Gobernuko bozeramaileak, ordu batzuk lehenago Gabriel Attal Hezkuntza ministroak aurreratutako neurria justifikatzeko.
BFMTV telebista kateari eskainitako elkarrizketan, Veranek gogorarazi du eskola publikoetan laikotasunaren printzipioa aplikatzen dela eta abaya "soineko erlijiosoa" dela, nahiz eta Kultu Musulmanaren Kontseilu Frantsesak (CFCM) kontrakoa nahi izan.
Hezkuntza ministroak azpimarratu duenez, Frantzian "Errepublikaren eskola balio oso indartsuen inguruan eraiki da, eta bereziki laikotasunaren inguruan". Attalek aste honetan ikastetxeetako zuzendariekin biltzeko asmoa du, zuzentaraua azaltzeko.
2004ko lege batek debekatu egiten ditu eskola eta lizeo publikoetan ikasleek "modu nabarmenean erlijio-kidetasuna adierazteko" soinekoak edo ikurrak erabiltzea. Sasoi hartan, belo islamiarra debekatzea zuen legeak helburu.
CFCM (musulmanak botere publikoen aurrean ordezkatzeko organoa) abaya ikastetxeetan debekatzeari buruz mintzatu zen ekainean, eta horrek adierazi zuenaren arabera, abaya ez da soineko musulmana.
"Tradizio musulmanean, guk defendatzen dugun tradizioan, soineko bat, edozein dela ere, ez da berez ikur erlijioso bat", esan zuen CFCMk. Gainera, polemika horrek komunitate musulmanaren estigmatizazioa ekarriko ote zuen beldur agertu zen.