Gizartea -
Osasuna
Frantziako Gobernuak zigarro elektronikoak debekatu nahi ditu, gazteen kontsumoan eragina dutelakoan
Elisabeth Borne lehen ministroak tabakismoaren aurkako plan nazionala aurkeztuko duela iragarri, eta kontsumoak gora egin duela eta "urtean 75.000 hildako" eragiten dituela azpimarratu du.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Gobernuak tabakoaren aurkako borrokari buelta bat eman nahi dio, kontsumoak gora egin duela egiaztatu ondoren, eta erabili eta botatzeko zigarro elektronikoak debekatzeko asmoa du, gazteentzat ohitura eta mendekotasuna sortzeko ate bat direlakoan.
Elisabeth Borne lehen ministroak igande honetan RTL irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "gazteei ohitura txarrak ematen dizkiete. Nikotinarik ez dagoela esan daiteke, baina gazteak erreflexu eta keinu horretara ohitzen dira. Horrela, tabakismorantz doaz".
Lehen ministroak tabakismoaren aurkako plan nazionala aurkeztuko duela iragarri, eta kontsumoak gora egin duela eta "urtean 75.000 hildako" eragiten dituela azpimarratu du.
Ministroaren hitzetan, tabakoaren gaineko fiskalitateak gora egin du aurten, eta bere horretan mantenduko da datorren urtean, baina "horrek ez du esan nahi oso adi ez gaudenik" kontsumoaren inguruan.
Apirilaren 30ean, tabakologiako mediku espezialistek eta ingurumenaren defendatzaileek eskaera egin zuten, 2021ean Frantziako merkatura iritsi ziren erabili eta botatzeko zigarro elektronikoak debekatzeko, osasunean dituzten ondorioez gain, ingurunearentzat arazo larria direlako, material plastikoak eta litiozko bateriak dituztelako.