Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Eguzkia bueltan dator igande arratsalderako
Hodeiak gutxituz joango dira bazkalostetik aurrera eta tenperatura maximoa 25ºC arte iritsiko da. Astelehenean eguzkia izango da nagusi eta tenperatura atsegina izango dugu.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandearen lehenengo partean hodeiak ugariak izango dira zeruan, baina ateri egongo da. Arratsaldetik aurrera ostarteak zabalduko dira eta iparraldean baino ez dira geratuko hodeiguneak. Arratsaldean izango dugun giro eguzkitsuari esker, tenperatura maximoak gora egingo du eta 23-25 ºCren bueltan izango da. Iparraldeko haizea ibiliko da, aurreko egunean baino ahulago.
Astelehean giro eguzkitsua espero da edonon; hori bai, goizean goiz barnealdeko zenbait tokitan lainoa sortuko da eta kantauri isurialdean hodei hondar batzuk geratuko dira zeruan oraindik. Iparraldeko haizea ibiliko da, baina tenperatura maximoak gora egingo du, eta oso atsegina izango da; tenperatura minimoak jaitsi eta barnealdean freskoak izango dira.
Asteartean termometroek bero puntua harrapatuko dute. Tenperatura altuenak barnealdean emango dira, non 30-35º-ra igoko diren; kostaldean aldiz, brisa sartuko denez, beroa arinagoa izango da, hala ere, 30º-tik gertu ikusiko dugu termometroa. Egunean zehar pilatuko den beroaren ondorioz, arratsaldean trumoi-hodeiak garatu eta iluntze aldera zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki ekialdean. Ordura arte, zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da.