Gizartea -
Araba
Aske utzi dute Gasteizko taberna bateko segurtasun arduradun bati labankada emateagatik atxilotutako gizona
Joan den irailaren 16an Alde Zaharreko ostalaritza lokal bateko segurtasun arduradun bati labankada bi eman izana leporatu diote 30 urteko atxilotuari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du larunbat honetan, joan den irailaren 16an Gasteizko Alde Zaharreko ostalaritza-lokal bateko segurtasun arduradun bati labankada ematea egotzita. Epaileak azkenean aske utzi du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, jazoera irailaren 16ko 23:50ak aldera gertatu zen, Arabako hiriburuko taberna batean. Minutu batzuk arinago, tabernako segurtasun arduradunak bezero bat kaleratu zuen, barruan molestatzen ibili zelakoan.
Pertsona hori tabernatik irten zen baina handik gutxira itzuli, eta bi labankada eman zizkion segurtasun arduradunari. Erasotzaileak ihes egin zuen, eta biktima Txagorritxuko Ospitalera eraman zuten.
Gasteizko ertzain-etxeak abiatutako ikerketa larunbat honetan bukatu da, ustezko erasotzailea haren etxebizitza bertan atxilotu dutenean. Behin polizia-izapideak bukatuta, epailearen aurrera eraman dute, eta horrek aske utzi du.