Gizartea -
EPAIKETA
Torbe ez da kartzelan sartuko, haur pornografia grabatu eta zabaldu zuela aitortu eta akordioa lortu ostean
Porno zinema ekoizleak leporatzen zizkioten delituak onartu ditu, hots, haur-pornografia banatzea eta edukitzea eta sekretuak ezagutaraztea. Fiskaltzarekin eta akusazioekin akordioa lortu ondoren, espetxea saihestu ahalko du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ignacio Allende Torbe porno zinema ekoizleak onartu egin du adin txikikoen irudi pornografikoak grabatu eta zabaldu zituela gaur bere kontra Madrilgo Zigor-arloko Epaitegian hasi den epaiketan. Aurreikuspenak bete dira eta akusatuak leporatzen zaizkionak onartu ditu, Ministerio Publikoarekin eta akusazioekin akordioa lortu ondoren.
Epaiketa 09:30ean hasi da Madrilgo Zigor-arloko Epaitegian, eta Torbek bideokonferentzia bidez egin duen deklarazioan, porno zinema ekoizleak leporatzen dizkioten delituak onartu ditu, hots, haur-pornografia banatzea eta edukitzea eta sekretuak ezagutaraztea. Defentsa abokatuak kondenatua kartzelan ez sartzeko eskatu du, baina hori ez da gaurko saioan erabaki.
Aipaturiko delituak 2012an eta 2015ean izandako bi gertakarirekin daude lotuta. Bi kasuotan, Torbek adin txikikoen irudi pornografikoak grabatu, gorde eta zabaldu zituen.
Fiskaltzak bere hasierako eskariak aldatu ditu, eta portugaletetarrarentzat 7 urte eta 7 hilabeteko zigorra eskatzetik 2 urtekoa eskatzera igaro da. Aringarri gisa kontuan hartu du egindakoa onartu duela eta eragindako minagatik 65.000 euro ordaindu dituela.
Akordioaren arabera, bi urteko kartzela zigorra bete ostean, bi urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du, lau urtez ezingo da kasua salatu zuen lekuko babestuarengana hurbildu, eta sei urtez debekatuta izango du adin txikikoekin lan egitea. Halaber, adin txikikoaren irudiak zabaldu zireneko disko gogorra eta eskuko telefonoa konfiskatuko dizkiote, eta 65.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Azken hori egin du dagoeneko.
Auzi honetan bertan akusatuetako beste batek (Francisco Jose M.L.) ere delituak aitortu eta akordioa lortu du Fiskaltzarekin. Horrela, hirugarrena (Jose Carlos P.R.) epaitzen jarraituko du epaiketak.
2016an atxilotu zuten zinema ekoizlea, pornografia zabaltzea, gizakien salerosketa, kapitalak zuritzea eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak leporatuta. Espetxeratu egin zuten, behin-behinean, eta handik 6 hilabetera utzi zuten aske, 100.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Lau urte baino gehiago iraun duen ikerketaren ostean, haur-pornografia banatu eta edukitzeagatik eta sekretuak ezagutarazteagatik epaitu dute Torbe.