Gizartea -
46 urtekoa
Andoaineko mendizale bat Huescan hil da, 30 metrotik erorita
Lubaki batean erori da, Tuca de las Corbetaseko hegoaldean, Angel Orus babeslekutik 1.000 metro ingurura.
Erredakzioa
Juan Antonio Amilibia Ezeiza Katto 46 urteko mendizale andoindarra Poset-Maladeta parkean hil da, igande goizean, Gobernuak Huescan duen ordezkaritzaren arabera. Hildakoak bi seme-alaba txiki zituen eta Ordiziako Udalean lan egiten zuen.
10:00ak aldera, Guardia Zibilak istripuaren berri izan du. Mendizalea lubaki batean erori da, 30 metrotik, Tuca de las Corbetasen, Angel Orus babeslekutik 1.000 metro ingurura.
Benasqueko mendi-adituak istripuaren lekura joan dira helikopero bat eta mediku batekin. Bilaketa lanetan hasi dira, eta hainbat oztopo gainditu ondoren, mendizalea hilda zegoela baieztatu dute.