Gizartea -

Sutea

Hamahiru hildako, 24 zauritu eta 5 desagertu Murtziako diskoteka batean izandako sutean

Goizeko seiak aldera piztu da sua Las Atalayas inguruko dantzalekuetako batean, eta alboko bi dantzalekutara zabaldu da. Garrak itzaltzen ari zirenean topatu dituzte hilotzak.

Suhiltzaileak hildako baten gorpua ateratzen sutea izan den dantzalekutik. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak hildako baten gorpua ateratzen sutea izan den dantzalekutik. Argazkia: EFE
Hiru dolu egun deitu dituzte Murtzian, diskoteka baten sutean izandako hildakoengatik

0:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hamahiru pertsona hil eta 24 zauritu dira (guztiek jaso dute jada sendagiria) igande honetan, goizeko seiak aldera, Fonda Milagros diskotekan (Murtzia) izandako sutean. Sua Las Atalayas aisialdirako guneko beste bi lokaletara zabaldu da, eta desagertuta dauden 5 pertsonaren bila ari dira oraindik.

Suhiltzaileak eusteko elementuak jartzen aritu dira erretako lokaletan, larrialdi-zerbitzuek segurtasunez lan egin dezaten, eta biktimen senideei DNA laginak hartzen hasi dira aurkitutako gorpuak identifikatzeko.

Diego Segal Murtziako Polizia Nazionaleko bozeramaileak hedabideen aurrean egindako agerraldi labur batean azaldu duenez, helburua da ahalik eta azkarren identifikatzea hildakoak eta ospitaleetan artatu dituzten zaurituak.

Murtziako alkate Jose Ballestak adierazi duenez, udalerri osoa "atsekabetuta eta jota dago gertatu denagatik".

Ballestak 19:30ean egin duen agerraldian baieztatu du 18 pertsona desagertutzat jotzen direla, baina 13 gorpuak agertu diren gunean, diskoteka bateko lehen solairuan, ez dutela gorpu gehiago aurkitu zehaztu du. "Inguru guztia miatu dute, eta oraingoz ez dago gorpu gehiago hondakinen artean", adierazi du alkateak.

Murtziako Udaltzaingoko ikuskatzaileen buru Jose Maria Mainarrek azaldu duenez, bost pertsona falta direla esan dute haien gertukoek, "baina ez dakigu ezer gehiago".

Biktimen senideak, jota. Argazkia: EFE

06:00ak inguruan abisua jaso ostean bertaratu dira Murtziako Udaleko Suhitzaltzeak eta Salbamendu Zerbitzuko (SEIS) suhiltzaileak, eta Segurtasun eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiko helikopteroaren esku-hartzea eskatu dute. 09:00ak bitartean ez da beharrezkoa izan helikoptero hori erabiltzea, lurreko suhiltzaileen lana nahikoa izan delako sua itzaltzeko. 

Era berean, Larrialdietako eta Larrialdi Sanitarioetako Gerentziako anbulantzia medikalizatu eta garraio-anbulantzia batzuk ere bertaratu dira zaurituak artatzeko. Lau dira orain arte zaurituen artean zenbatzen direnak, eta kea arnasteagatik artatu dituzte guztiak. Horietako bi ospitalera eraman dituzte.

Bestalde, Murtziako Udaltzaingoak ingurua itxi du. Besteak beste, Alacanteko errepide zaharra itxi dute.

Ballestak jakinarazi duenez, Udalak senideei laguntzeko gune bat prestatu du Kirol Jauregian. Bertan, Babes Zibila, Gurutze Gorria eta psikologoak senideak artatzen eta "ematen diguten informazioa jasotzen ari dira".

Azkenik, alkateak gogorarazi du Udalak hiru dolu-egun ezarri dituela eta hirian eta pedania guztietan zeuden jolas-jarduera guztiak bertan behera utzi dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Espainia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak