Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sagarduik "irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetza" defendatu du itxaron-zerrendak murrizteko
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan Osakidetzaren txosten bati buruz galdetu diote, horren arabera, 2.716 paziente bideratu baitituzte zentro pribatuetara itxaron-zerrendak murrizteko, 5,5 milioi euroko kostuarekin. Sailburuak esan du ez dela "ezohiko neurria" Euskadin.
E. Lotina | EITB Media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "irabazi-asmorik gabeko erakundeekin zein erakunde pribatuekin lankidetza" defendatu du Osakidetzan itxaron-zerrendak murrizteko.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan Osakidetzaren txosten bati buruz galdetu diote. Horren arabera, 2.716 paziente bideratu dituzte zentro pribatuetara itxaron-zerrendak murrizteko, 5,5 milioi euroko kostuarekin. Sailburuak esan du ez dela "ezohiko neurria" Euskadin. "Osakidetzak urteak daramatza irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan, erakunde pribatuekin bezala, egoerak hala eskatzen duenean erakunde soziosanitarioei lagundu ahal izateko", azpimarratu du.
Horren ustez, "ez dago zalantzarik, egoera horietako batean gaude; baliabide propioekin neurriak martxan jarri ditugu dagoeneko, eta beste neurri bat erakunde horiekin lankidetza da, aurretik finkatuta dagoena, ez da berria Osakidetzan".
Sagarduiren ahotan, "lehentasuna pazienteei erantzutea da, baina Osakidetzaren eta Osasun Sailaren bermearekin, Osakidetzak deitzen baitie". "Hori egiten jarraitzen dugu, beste erakunde batzuk, Gurutze Gorria, San Juan de Dios edo Donostiako Poliklinika, esaterako, lagun ditugula", azaldu du. "Neurriak egoera hobetzen laguntzen du", gaineratu du.
Bestalde, Osasun sailburuak gripearen eta covid-19aren aurkako txertoa jartzeko deia egin die herritarrei, urriaren 9an abian jarriko den kanpainan. Horretarako, elkarren segidako kanpainen azken 35 urteetako bilakaera kontuan hartzeko eta "leial" izan diren pertsonekin hitz egiteko deia egin du.
Ildo horretan azaldu duenez, bi gaixotasunen kutsagarritasuna murriztea da helburua, baita infekzio horiek gure osasunean duten eragina ere, udazkenean/neguan kasu gehiago izango direla aurreikusten baita, espazio itxietan bizikidetza areagotuko delako.
Azkenik, Sagarduik espero du Osasun Publikoaren Legea legealdi honetan onartzea. "Euskadik lege hau behar du", adierazi du. Agintariaren esanetan, lantaldea "azken txanpara iristen ari da", eta espero du etorkizuneko arauak gainerako indar politikoen ekarpenak eta babesa jasotzea.